Gure Esku Dago

“Aldarri anitzen mobilizazio kolektiboa izango da ekainaren 10eko giza katea”

Joseba Derteano 2018ko eka. 8a, 09:15

Pentsiodunen kexetan, Emakumearen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenetan zein Altsasuko gazteen kasuan ezaugarri komun bat ikusten du Angel Oiarbide (Idiazabal, 1974) Gure Esku Dagoren bozeramaileak: erabakitzeko nahia. Horrela, erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 10erako deituta dagoen giza katea aldarri horien eta beste batzuen elkargune izan daitekeela uste du.

Lau urte joan dira lehenengo giza katetik hona. Zer aldatu da ordutik?
Pauso asko eman ditugu eta sentitzen hasi gara zer egin genezakeen elkarregaz aritzen bagara. Gure Esku Dago jarrera bat da. Herritarrak ahalduntzen eta konplizitateak sortzen joan gara. Gaur egungo testuinguruan ekainaren 10eko mobilizazioa aukera paregabea da. Badaude herri honetan ziklo bat ixteko eta berri bat irekitzeko lagungarri diren osagaiak. Aro berri horren lehendabiziko mugarria izan daiteke ekainaren 10a. Testuinguru berezi batean eragiteko gaitasuna duen mobilizazioa izan daiteke. Hori da ekainaren 10eko giza katearen garrantzia.

Giza kateagaz batera, aurtengo beste lan ildoetako bat erabakitze eskubidea edukiz janztea izan da, erabakitzeko arrazoiak pilatzea.
Beste sakonera eta dimentsio bat eman gura izan dizkiogu. Zergatik eta zertarako erabaki gura dugu arlo desberdinetan? Galdera horri erantzun gura izan diogu. Horretarako antolatu ditugu mintegiak arloz arloko adituekin. Ondoren, herriz herri prozesu parte-hartzaileak egin dira. Ariketa oso garrantzitsua izan da. Arrazoi horiek izango dira ekainaren 10ean gu denok lotuko gaituztenak Gasteizko Legebiltzarragaz, estatus politikoaren inguruko eztabaida instituzionala ematen ari den Euskal Herriko erabaki guneetariko bategaz.

Eta giza katearen azken muturretik, Gasteizko Legebiltzarraren ataritik, zer izango da Gure Esku Dagotik zabalduko duzuen mezua?
Estatus politiko berriaren inguruan adostuko den testuan aintzat hartu behar dela herri honen errealitatea. Legebiltzarreko hiru alderdirik bozkatuenek erabakitzeko eskubidearen aldarria zeramaten euren programetan. Legebiltzarrean %75eko ordezkaritza dute. Beraz, adosten denak errealitate horregaz sintonian egon beharko luke.

Madrilen beste sintonia bat erakutsi dute orain arte.
Demokraziaren kontrako kultura atzerakoia jorratzen ari diren horiekin ezin gara Gasteizen adostasun batera heldu. Horregatik, ekainaren 10ean Legebiltzarragaz bat egingo dugu, herritarren borondatea eta instituzioen adostasuna uztargarriak izan daitezen une honetan.

Ekainaren 10ean, esango denak ez ezik, erakutsiko denak ere badu garrantzia; kantitateak, alegia.
Begira ondoko kasuei: pentsiodunei, martxoaren 8koari eta Altsasuko gazteen kasuari. Hiru mobilizazio horiek Euskal Herrian azken belaunaldietan egin diren handienak dira eta hirurak elkar lotzen dituen hari bat badagoela uste dugu. Hari hori erabakia da, erabakitzeko nahia. Nork erabakitzen du gure gorputzei buruz? Nork erabakitzen du gure pentsioei buruz? Non eta zein irizpideren arabera epaitzen dira Altsasuko gazteak? Ekainaren 10ekoa aldarri anitzen mobilizazio kolektibo bat izango da. Feminismoaren aldarria, pentsiodunena, euskal justiziaren aldekoa, euskal hezkuntzaren aldekoa, Kataluniagaz elkartasuna adierazten duena… Hori guztia batuko da. Aro berri baten irekieran mugarri bat izan daitekeen mobilizazioa da.

Europaraino helduko den mobilizazioa izango ote da?
Katalunian gertatu dena ez da mehatxu bat espainiar estatuarentzat, aukera bat baino. Europarentzat ere aukera bat da. Gaur inork ezin du jakin 20 urte barru Europa nolakoa izango den. Baina Europak badaki etorkizuneko haizeek demokrazioan gehiago sakontzea dakartela. Paradigma kurioso bat ematen da Europan. Montenegro, Serbia, Kosobo… gerra odoltsuen ondoren herrialde horiek Europaren parte dira gaur egun. Hori horrela izanda, etikoki sostengatu ezin dena da modu baketsuan eta demokratikoan bere etorkizuna erabaki gura duen herriari bizkarra ematea. Hori zintzilik duen ikasgai bat da. Katalunia eta Katalunian gertatzen dena aukera bat dira Europarentzat horretan sakontzeko. Baina paradigma hori ez da bere kasa emango. Bultzatu egin behar dugu. Herritarroi dagokigu arduraz jokatzea eta aukera horiek sortzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!