Atxondoko eskolako jantokian astebeteko plantoa egingo diote catering zerbitzuari

Markel Onaindia 2018ko mai. 23a, 09:40

Berton Bertokoa elkarteak ekintza ugari prestatu ditu datorren asterako.

Bertako eta sasoiko produktuen dastaketak egingo dituzte hainbat eskolatan. Maiztegin maiatzaren 24an, 16:30tik aurrera, bertoko ekoizleen produktuen dastaketa egingo dute, Zabalarran eta Abadiñoko eskoletan maiatzaren 29an bertoko produktuekin egindako meriendak eskainiko dituzte eta Zaldibarren ere bai, egunik zehaztu ez duten arren.

Nabarmentzekoa da Atxondon astebeteko plantoa egingo diotela catering zerbitzuari. Horren ordez, gurasoak izango dira sukaldari. 50 ikasle inguru dira eskolan, eta gurasoak badabiltza taldeka antolatzen eguneroko menuak bertako eta sasoiko produktuekin osatzeko. Gainera, berbaldiak eta bisitak ere edukiko dituzte. Esaterako, maiatzaren 25ean, 17:00etan, Jakoba Errekondok berbaldia emango du.

Bestalde, Berton Bertokoako kideak legebiltzarrean egon ziren joan zen astean, jantoki ereduen inguruko batzorde berezian. Ikastetxeek erabaki ahal izateko legea aldatzea eskatu zuten, eta sukalderik ez dagoen lekuetan sukaldea ipintzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!