Sever: “Diren modukoak izanda bizi ahal diren pertsona transexualen lehen belaunaldiaren aurrean gaude”

Jone Guenetxea 2017ko mai. 15a, 09:00
Argazkia: Hiruka

Hazte Oir elkarteko autobusaren kontrako erantzun zabalak indarra eman die ume transexualen familiek osatutako Chrysallis elkarteko kideei. Hala ere, aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere bide luzea dagoela egiteko azpimarratu du Bea Sever elkarteko kideak. Elorriora eta Abadiñora joango da bere bizipenak azaltzera.

Berbaldia ematera etorriko zara Elorriora eta Abadiñoko Zelaietara. Zelan planteatu dituzu solasaldi horiek?
Gure errealitatea azaltzea da helburua. Hasieran transexualitatearen oinarri sexologikoa azalduko dut, eta ondoren nire esperientzia pertsonala kontatuko dut, nire semearen kasua. Normalean jendeari errazago heltzen zaio mezua enpatia baldin badago, kasu erreal bat ikusten baduzu eta aurpegia eta izena jartzen badizkiozu horri.

Zuek zelan bizi izan duzue prozesu hau 7 urteko semeagaz?
Hau ez da batere erraza. Jenderik gehienari gertatzen zaion moduan, transexualitate hitza ez genuen haurrekin lotzen. Eta, gainera, nahiko etiketa itsusiekin lotzen genuen. Benetan kosta egiten zaizu ulertzea zer den gertatzen ari dena. Gure semeak 5 urtegaz egin zuen transitoa. Beraz, bi edo hiru urte behar izan genituen. Izan ere, ulertzen ez duzuna ezin duzu identifikatu. “Marimutila izango da”, eta horrelako gauzak pentsatzen dituzu. Gizartean nesken gauzatzat hartzen diren gauzak mutiko batek gustuko baditu, dena nahastu egiten duzu eta pentsatzen duzu hori baino ez dela. Baina, familia askotan ikusten dugu zer edo zer gehiago dagoela. Eta, bat-batean, umeak eztanda egiten du, eta bota egiten du. Momentu horretan mundua gainera erortzen zaizu. Negar asko egin genuen, eta hilabete gogorrak izan ziren. Baina, aldi berean, umea hain zoriontsu ikusten duzunean, eta horrelako aldaketa ikusten duzunean, aurrera egin behar duzula konturatzen zara.

Transito prozesu hori nola eramaten da?
Transitoa egiten duenean, umeak ahaztu egiten du gaia, baina orduan hasten da zailena familiarentzat. Onartzea eta beldurrak alde batera uztea da hurrengo pausoa. Nire kasuan, hau guztia zabaltzen aurkitu dut bidea. Beste batzuek ez dute hain ondo eramaten.  

Zuen kasuan, transitoa egitea liberazio bat izan zen?
Umearentzat, bai. Pentsa bihar beste izen bategaz eta beste sexu-identitate bategaz esnatzen zarela. Eta zuk ez duzu ulertzen. Bat-batean zu zeu izateko aukera ematen dizutenean, aldea ikaragarria da. 9 urteko neskato baten kasua daukagu. Iaz antidepresiboekin, ansiolitikoekin ohean zegoen, oso gaizki. Handik hamabost egunetara beste pertsona bat zirudien. Zoriontsu zegoen. Badaude horrelako kasuak, eta izugarria da.

OMSek patologien zerrendatik kenduko du transexualitatea. Pauso esanguratsua da?
Patologietatik kenduko du, baina desoreka gisa utziko du. Beraz, aurrerapauso txiki bat da. Gure haurrek ez dituzte beste haurrek dituzten eskubide berberak, eta beraz, lan handia dugu aurretik egiteko. Bestalde, ez dakit konturatzen ari garen zelako aldaketa gertatzen ari den. Diren modukoak izanda bizi ahal diren pertsona transexualen lehen belaunaldiaren aurrean gaude. Aurreko belaunaldietako transexualek bizi behar izan dituzte gizarteko gauzarik txarrenak: marginazioa, langabezia, heriotza, tratu txarrak... Oso fenomeno indartsua da.

Hazte Oir elkartearen autobusak kontrako erreakzio hain indartsua izango zuela espero zenuten?
Gizartearen eta erakundeen erantzunagaz oso eskertuta gaude. Bide gogor honetan jendearen babesa oso garrantzitsua da. Aurrera egiteko bultzada handia izan da. Gure kanpaina atera genuenean, hiru egunean 60 hedabidetatik deitu ziguten. Hazte Oirrena gertatu zenean, 100dik gora izan ziren.

Instituzioek zein erantzukizun dute transexualen eskubideen inguruan?
Nafarroako gobernua aitzindaria izaten ari da. Eusko Jaurlaritzagaz, aldiz, gauzak ez dira hain errazak izaten ari. Hiru aldarrikapen nagusi ditugu. Arreta zerbitzua, hezkuntza eta osasuna. Nafarroan lehenengo biak lortu ditugu, eta osasun arlokoa bidean dago. Alde batetik, familientzako arreta gune bat aldarrikatzen dugu. EAEn orain ama bat dago telefono partikular bategaz familiei erantzuten. Hala ere, arreta zerbitzu hori laster martxan jartzea lortu dugu. Izan ere, gai horretan aditua den sexologo bat behar da lan hori egiteko. Bigarren puntua hezkuntzagaz lotuta dago. Ume transexual bat dagoen zentroetan, bertako langileei prestakuntza edo formakuntza bat ematea beharrezkoa da. Hau EAEn ez dago protokolo bategaz araututa, eta ikastetxearen arabera egiten da. Batzuetan eragozpenak ere jartzen dituzte, beldurra dutelako. Nafarroan iaztik jarri da martxan protokolo hori, eta gaia sexologo bategaz lantzen da zentroan.

Osasunean zein da zuen aldarrikapena?
Gure haurrek nerabezaroan blokeatzaileak gura izaten dituzte. Hori bi urteko prozesua da, psikiatrekin. Lortu dugu arintzea, baina kasu batzuetan sei hilabete ere ezin dira itxaron. Pentsa, kasu batzuetan, mutiko bati bularrak hazten ari zaizkiola, edo hilerokoa jaisteko duela. Prozesu horiek ez dute atzera bueltarik. Baditugu kasu oso larriak, eta psikiatrian bueltak ematen ari dira, endokrinoarengandik pasatu barik. Burua ondo ederto daukate, eta behar dutena endokrinoa da. Kasu dramatikoak ditugu. Gainera, sasoi horretan suizidio saiakera tasa igo egiten da eta garai oso zaila da. Zentzu honetan, Nafarroan legea aldatzen ari dira. www.chryssaliseh.eus

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!