Gero eta lagun gehiago gara ANBOTOri babesa ematen

Anboto 2017ko mai. 12a, 12:30

Anbotoren lagunen kanpaina berria martxan dago. Euskarazko komunikazio proiektua babesteaz gainera, Anbotoren lagun eginda hainbat abantaila jasotzeko aukera dago Durangaldeko 21 establezimendutan.

Proiektuagaz bat egiten duten pertsonei eskerrak emateko asmoagaz, eta herritar gehiagori egitasmoan beraien aletxoa jartzeko gonbidapena eginez, hobari erakargarrietan dator Anbotoren lagunen kanpaina. Dentistak, optikak, liburu-dendak, gimnasioak, arropa-dendak, bitxi-dendak, jatetxeak, dekorazio-dendak... zerbitzu ugari eskaintzen dituzten establezimenduetan Anboto lagunen txartela erabili daiteke.

Urtean 30 euroko babesaren truke, ANBOTOk abantailaz beteriko txartela banatuko die laguntza hori ematen dioten herritarrei. Txartel honegaz, Durangaldeko zein eskualdez kanpoko hainbat saltoki eta zerbitzutan deskontu bereziak jasotzen dira. Txartelaz gain, hilero, Anbotoren lagunentzat oparien zozketa bereziak egiten dira. ANBOTOn argitaratzen diren iragarki laburretan eta eskeletan ere deskontuak jasoko dituzte proiektuari urteko kuota horregaz babesa ematen diotenak.

Astekariaren proiektua babestuta, abantailak lortu gura dituzten lagunek modu erraz batean eman dezakete izena. Harpidedunek hurrengo asteetan ANBOTOren telefono deia jasotzen dutenean, aukera izango dute kanpainagaz bat egiteko.

____________________________________________________________________________________________________

LOURDES ARRIZABALAGA ETA MAIDER LLANOS (Landako Optika) 

Landako Optikan urtebete daramate Anboto Lagunen kanpainagaz Lourdes Arrizabalagak eta Maider Llanosek. Ekimenaren inguruan, balorazio positiboa egin dute.

Anboto lagunen kanpainagaz bezero asko etorri zaizkizue optikara?
Maider Llanos: Hainbat bezero etorri zaizkigu Anboto lagunen txartelagaz. Gainera, azpimarratuko nuke bezero hauetako asko ez zirela aurretik sekula etorri. Beraz, gure negozioa ezagutzera emateko beste modu bat izan da.
Lourdes Arrizabalaga: Gaur egun, bezeroak erakartzeko modu asko daude. Esate baterako, lehenengo egun batean, betaurreko marka baten hornitzaileak garela ikusi zuen batek interneten. Markinatik Durangora espreski marka horretako betaurrekoen bila etorri zen.

Zein deskontu eskaintzen duzue?
M.A.: %15eko deskontua eguzkitako betaurrekoetan, audiologian, ikusmen urritasunean, eta armazoi eta lenteetan.

Jendeak eskertzen du deskontu hori?
L.A.: Jakina. Beherapenetatik kanpoko deskontuak ondo etorriak izaten dira.

Zein balorazio egiten duzue?
M.A.: Balorazioa oso positiboa da. Badaude pertsona batzuk agian ez dutenak erreferentziazko optikarik, eta Anboto Lagunen txartelaren bidez guregana jo dezakete, deskontua aplikatzea amu legez jarrita. Geure burua ezagutzera emateko modu bat dela ikusi dugu.

____________________________________________________________________________________________________

MAITE MANCISIDOR (Mancisidor Bitxi-Denda) 

Durangoko Mancisidor 1866 bitxi-dendak 150 urte egin zituen iaz. Bost belaunaldian Mancisidor familiak kudeatutako komertzioak Anboto lagunen kanpainan parte hartzen du. %5eko deskontua eskaintzen du 100 euro arteko erosketetan, eta %10ekoa 100 eurotik gorakoetan Anbotoren lagunen txartela erakutsita.

Zein harrera izan du Anbotoren lagunen kanpainak zuen dendan?
Ondo joan da. Astiro-astiro jendea kanpaina ezagutzen joan da. Horrelako proiektuetan parte hartzen dugu, gu ere herriko komertzioa garelako eta ANBOTOren proiektuagaz elkarlanean aritu gura dugulako.

Jendeak eskertzen ditu hobari hauek?
Bai, jakina. Denok eskertzen dugu hobariak aplikatzea. Gainera, hau ez da mundu guztiari aplikatzen zaion deskontu bat. Txartela izan behar duzu hobaria jasotzeko. Beraz, horrek bezeroa “berezi” sentiarazten du.

Komertzio moduan, ekimen hau zelan baloratzen duzue?
Komertzio moduan, oso ondo baloratzen dugu. Gure bezeroak herrikoak dira, eta gu ere tokiko denda bat gara. ANBOTO ere bertako hedabide bat izanda, elkarren artean eragiteko egitasmoaren aldekoak gara.
Herrian ekimenak martxan ipintzen dituzten elkarte zein eragileekin elkarlanean aritzea oso positiboa da denontzat. Herrian presente egoteari beti eman diogu garrantzia, eta bide horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere.

____________________________________________________________________________________________________

  BEGO GARCÍA (Iurreta Kopistegia)

Iurreta Kopistegiak abantaila eta deskontuak eskaintzen dizkie Anboto lagunen txartela duten bezeroei. Bego García kopistegiko arduradunak azaldu duenez, bezeroak batez ere eskola materiala erostera doazenean erakusten dute txartela. “Fotokopia bi aterata ez da igartzen aldea, baina eskolara bueltan bai”.

Jende askok erabiltzen du Anboto Lagunen txartela?
Bai, geroago eta gehiago dira. Anboto Iurretan egonda, inguruko batzuei nik neuk azaldu diet zer den eta zein hobari eskuratu dezaketen, bai gurean eta baita beste hainbat komertziotan ere. Erraza da Iurretan ANBOTOren bulegotik pasatzea eta Anbotoren lagun egitea.

Jendeak pozik hartzen ditu deskontuak?
Bai. Guk batez ere %10eko deskontua egiten dugu eskola eta bulego materialean, eta %5ekoa musika, opari eta liburuetan. Beraz, batez ere eskolara bueltan etortzen da jenderik gehien. Sasoi horretan liburu asko erosi behar duenak bolumen handiagoa erosten du, eta deskontuak merezi du. Fotokopia bi egiterakoan agian ez, baina erosketa handi batean bai.

Bolumen handiko erosketetan igarriko da aldea.
Hori da. Ikasturtea hasterakoan liburu eta material asko erosi behar duenari %10eko deskontua eginez gero, aldea nabaria da. Bolumen handiko erosketetan erabili dute gehienek Anbotoren txartela. Bestalde, ikusi duguna da jende askok ez duela txartelaren eta hobarien berri, eta pena da, merezi du eta.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!