Bolumen handiko hondakinekin “arazo larria” dago eskualdean

Markel Onaindia 2017ko mai. 5a, 14:50

Uriarte, Mandaluniz eta Lopez, atzo, Behargintzan eskainitako prentsaurrekoan.

Amankomunazgoak prentsaurrekoa eman zuen atzo, hondakin bilketaren inguruko datuak emateko eta herritarrak birziklapenera animatzeko. Izan ere, batzen den hondakin kopuruaren %25 birziklatzen da bakarrik oraindik; gainerako %75a errefusa da. Horrez gainera, beste gai bat ere mahai gainera atera zuten arduradunek, bolumen handiko hondakinena. Ismene Mandaluniz teknikariaren arabera, “arazo larria” dago arlo horretan Durangaldean.

Eguaztenetan batzen dituzte hondakin horiek. Hileko lehen eta hirugarren eguaztenetan, Garai, Izurtza, Mañaria, Matiena eta Zaldibarren batzen dute; hileko bigarren eta laugarren eguaztenetan Atxondo, Elorrio eta Muntsaratz zein Zelaietan. Iurretan, eguaztenero pasatzen da kamioia. Herritarrek ez ei dute egutegia errespetatzen, eta horrek arazoak sor ditzake zebra-bideetan, adibidez. “Espaloian uzten dugun sofa batek autoen ikusgaitasuna murriztu dezake; edo haizearen eraginez, utzi dugun hozkailua errepidera jausi ahal da”, ohartarazi du Mandalunizek. Bestalde, gogoratu du baserri inguruetakoek aurretiaz abisatu behar dutela.

Organikorako poltsak
Europan %50ean ezarri dute birziklapen tasa egokia, eta, beraz, “eskualdeko datua” hobetu egin behar da”, Augusto Uriarte teknikariaren ustez. Aitor Lopez presidenteak organikoaren kanpainan parte hartzeko deia egin du; aurten, poltsa konpostagarriak doan emango dituzte. Momentuz, 5.000 lagun (biztanleen %25 inguru) dabiltza kontainer marroia erabiltzen edota autokonpostajea egiten. 94 623 25 22 telefonoan eman ahal da izena, baita zalantzak argitu ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!