Aste Santuan bertan izan dira elkarteko hamaika kide, eta proiektua martxan ipintzeko lehen pausoak eman dituzte. Bertan lan egingo duten lau emakumeekin batzartzeko aprobetxatu dute.
Uda ostean hasiko dira jatetxea eraikitzen, Garazi Etxebarriaren esanetan. Orain hasi gura zuten, baina materiala ez da garaiz heldu. Izan ere, Alacanten (Herrialde Katalanak) eta Aljerian atxikita egon da martxo hasieran Durangaldetik irtendako kamioia. Euren materialaz gainera, ohiko bilketa kanpainako 23.600 kilo elikagai eta 400 kilo arropa ere badaude kamioian. Datozen egunetan ailegatzea aurreikusten dutela azaldu du taldekideak.
Begiraleek hango egoera ezagutzeko ere baliatu dute bidaia. Emakumeen Biltzarreko kideekin batu dira, hezkuntza bereziko eskolak bisitatu dituzte, eta udan etortzen diren umeekin eta senideekin ere egon dira. “Esperientzia oso ona izan da, eta errepikatzeko gogoz gaude denok”, dio Etxebarriak.