Otsailean hartu zenuen kargua. Nola heldu diozu?
Ilusioagaz. Gerediagari buruz nuen informazioa Durangoko Azokari lotutakoa zen hasieran. Geroago jakin nuen beste hainbat gauza ere egiten dituela. Hasiberri naizen honetan ikusi dut Azoka baino gehiago dela Gerediaga, hainbat lan ildo dituela. Azoka den arren plazan ikusten den zeregin handiena, baditugu beste zeregin eta erronka batzuk. Ekiteko gogotsu nago. Hasierak beti dira ikusteko eta ikasteko, eta gogoz nago.
Zeintzuk ardura hartu dituzu?
Kudeatzaile lanean nabilenez, lan administratiboa hartu dut neure gain; kudeaketa edo gestio ekonomikoa. Lan taldearen kudeaketa ere eramango dut.
Zeintzuk dira zure helburuak epe laburrera?
Lehenik eta behin, denbora bat izan gura nuke elkartearen erritmoa, bazkideak, inguruan dauden kide eta laguntzaileak... ondo ezagutzeko. Urte hau erabili gura nuke horretarako, gero proposamenak egin ahal izateko. Gerediagak Durangaldearekiko sentsibilizazio oso sendoa duela uste dut, eta eskualdea eta horren kultur aberastasuna erakusteko zubi lan horretan jardun behar dugu: Azokaz haratago, Gerediagak duen ezagutza eta aberastasun guztia, eta urteetako ikerketa lanaren emaitza nola plazaratu eta nola ezagutzera eman landu gura nuke. Elkarteak bazkideekin duen harremana ere sendotu gura nuke. Dena den, galdetzeko, ikusteko eta ikasteko asko dut aurretik.
Baduzu etorkizunera begirako erronkarik?
Gerediagako kudeatzaile izan den Aitziber Atorrasagastik zuzendaritza kargu bat hartu du Jaurlaritzan, eta bere eszedentziaren ondorioz nago hemen. Haren lan bilakaerak eragingo du egingo dudan ibilbidean. Batzar Orokorrak edo gure bazkideek amesten duten Gerediaga hori zelan bideratu litzateke nire lana. Badago plan estrategiko bat, eta lan ildo horri jarraituko diot, baina nire iritzi eta esperientziatik proposamenak mahaigaineratuko ditut. Eskualdeko ondare material eta inmaterialaren garrantzia aditzera ematea da azken helburua. Jendeari balio hori erakustea.
Jendea jabe da balio horretaz?
Uste dut ondareak baduela halako kutsu akademikoa, formala, zelanbait historiazaleei lotutakoa, eta hori edonori azaltzeko modu berritzaileak, desberdinak lantzea behar dugu. Hori izango da, agian, gure erronketako bat. Balio horretaz jabe? Ez dakit. Uste dut, sarritan ez dela kontuan hartzen norberak bere herrian duena. Kanpora begira jarduten dugu, geurea ondo ezagutu eta horren garrantzia nabarmendu beharrean. Oraindik badago zer erakutsi. Beti ezagutzen da zerbait berria.
Azokak lan hori guztia bigarren maila batean uzten du?
Azokak dimentsio handia dauka, Durangaldetik haratagokoa. Euskal Herriaz gaindiko azoka da, eta trakzio bat. Baliabide asko erabiltzen ditugu horretara, eta gutxiago beste ekintza batzuetara. Baliteke beste ekintza batzuei zelanbaiteko itzala egitea. Hala ere, aldi berean, aurrera ekiteko aukera ere bada Azoka; izan ere, aitzakia horregaz ezagutzen gaituzte. Hori abantaila ere bada beste gauza batzuk antolatzeko edo beste ate batzuk jotzeko.
Azoka da Gerediagak antolatzen dituen ekintzen artean isla gehien duena. Aldaketak behar direla uste duzu?
Denak dauka zer hobetu, edo, hobe esanda, zer egokitu. Irakurleak, entzuleak... kontsumitzailea, oro har, aldatuz doa eta horregaz bat etorri behar da Azoka ere. Oraindik badago gauza desberdinak eskaintzeko aukera. Azoka egiten den egun horietan 190.000 bisitari baino gehiago etortzen da Durangora. Orain arte egin den lana ondo eginda dago, baina badaude beste lan ildo batzuk ere. Adibidez, kontsumitzailea sortzailearengana hurbiltzeko eran edo kontsumitzaile profiletara nola jo ikusteko. Uste dut badaudela aukerak probatzen joateko.
Durangaldeko ondarea zaindu, ikertu eta zabaltzea du helburu Gerediagak. Horretan jartzen da indarra?
Bai, eta lan horretan beste eragile batzuekin elkarlana ere sustatzen du Gerediagak. Zubi-lanak egiten ditu. Horren adibide da oraintsu Berrizko Ormaetxe baserrian egin duten ikerketa zientifikoa. Arkeologian eta etnografian aditua den lan talde batek ikerketa sakona egin du, eta guk zubi-lana egin dugu: diru-laguntza eskatuz, komunikazio eta dibulgazio lana eginez... Maiatzean aurkeztuko da ikerketaren emaitza. Ikerketarako ditugun baliabideak murritzak dira, eta beraz, inguruan interes hori dutenekin ere elkarlana bultzatu gura dugu Gerediaga elkartetik.