Berrizen Orlan Isoird alkateak batzarrera bertaratu diren 25 lagun ingururi Bizkaiko Foru Aldundiagaz joan zen astean izan zuen batzarraren berri eman die. Alkatearen esanetan, maiatzaren lehenengo astean batzarra egingo zutela esan zioten Aldundiko arduradunek, eta berehala gauzatuko zutela aldaketa. Erabiltzaileentzat garrantzitsua da tarifikazio berria noiz egongo den martxan jakitea, batez ere, maiatzeko bonoak erabiltzen dituztenentzat. Oraindik bonorik ez erosteko gomendatu diete erabiltzaileei.
Laugarren zonaldeko aldaketa noiz egingo duten jakitea izan da Zaldibarren egin duten batzarrean eztabaitu duten gaietako bat. "Aldundiak data zehatzik ez esatera, aldaketa atzeratzen bada, hileko bonoa dutenek zer egingo dute?", galdetu du Baigorrik. Izan ere, Zaldibartik Durangora doazen erabiltzaileen bonoen prezioa bikoiztu egiten da bosgarren zonaldean. Laugarrenean egonda 23 euro ordaintzen dituzte, eta bosgarrenean 48 euro.
Bi alkateek azpimarratu dutenez, Bizkaiko mugikortasunaren inguruan egitekoak diren hausnarketaren harira, tarifikazioaren inguruan hartzen dituzten erabakien aurrean "adi" egongo dira. Izan ere, erabakia behin-behinekoa da. Bi herrien kasuan, herritarren mobilizazioak Aldundiaren erabakiaren izan duen eragina nabarmendu dute.