"Lorpen hau guztion elkarlanarekin lortu da, erakundeen eta herritarren artekoa"

Jone Guenetxea 2017ko api. 12a, 20:40

Berrizko eta Zaldibarko Udalek prentsa ohar bateratua kaleratu dute bi herrietako tren erabiltzaileak berriro laugarren zonaldera pasako direla jakin eta gero. Udal arduradunek diotenez, "eskertzekoa da mobilizazioetan herritarrek egindako lana. Lorpen hau guztion elkarlanarekin lortu da, erakunde eta herritarren artekoa". Gogoratu dutenez, aldaketak maiatzaren hasieran gauzatzea aurreikusten dute. "Azken hau oso garrantzitsua da batez ere erabiltzaileek hurrengo hileko tituluak ateratzeko orduan", azaldu dute udal ordezkariek.

Orlan Isoird Berrizko alkatea Garraio, Mugikortasun eta Lurralde diputatua den Vicente Reyesekin bildu da gaur goizean. Batzarraren helburua Berriz eta Zaldibarren tarifikazio berriaren ondoren sortutako egoera aztertzea izan da.

Prentsa oharrean diotenez, Bizkaiko Foru Aldundiak kontutan izan du 2001. urtetik herri hauek 4. zonaldean egon direla Euskotreneko kasuan, eta Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzak egingo duen Bizkaiko garraio publikoen hobekuntzaren barnean lurralde osoko zonifikazioa aztertuko dela. Horrela, Garraio Diputatuak adierazi du behin-betiko erabakirik ez dagoen bitartean "egokiena" Berriz eta Zaldibar aurreko zonaldean mantentzea dela, hau da, Euskotreneko 4.ean. 

Aldaketak maiatzaren hasieran gauzatzea aurreikusten dute. Azken hau oso garrantzitsua dela diote, batez ere erabiltzaileek hurrengo hileko tituluak ateratzeko orduan.

Berrizko eta Zaldibarko udalek balorazio positiboa egin dute Tarifen Integrazioaren Batzordean onartuko den erabakiaren inguruan. Herritarren tarifikazioaren kontra egindako mobilizazioak gogora ekarri dituzte: "Eskertzekoa da mobilizazioetan herritarrek egindako lana. Lorpen hau guztion elkarlanarekin lotu da, erakunde eta herritarren artekoa".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!