Elorrioko Arriolan, bihar, 22:00etan, eta Berrizko Kultur Etxean, zapatuan, 20:00etan, Medea tragedia klasikoaren irakurketa antzeztua eskainiko du aktoreak.
Greziako antzerki klasikoko pertsonaia ezagunenetarikoaren —Medearen— papera interpretatzeko egindako lanagatik, antzezle onenaren Max saria eskuratu zuen Sanchez-Gijonek, iaz, eta beste hainbat antzerki sariketatan ere goraipatu dute aktorearen lana.
Senecaren obra oinarri hartuta Andrés Limak egindako bertsioa da Sanchez-Gijonek Durangaldera dakarrena. Ordubetez bera bakarrik jardungo da oholtzan, Jaume Manresak sorturiko musika lagun duela.
Limaren zuzendaritzapean baita, 2015ean estreinatutako lanaren moldaketa da Elorrion eta Berrizen ikusiko dena. Jasón maitaleak traizionatu duela sentitzean mendeku goseak bere onetik ateratzen duen emakumearen istorioa kontatzen du.
Aitana Sanchez-Gijonek azaldu duenez, “osasun kontu bategatik, higiene mental eta emozionalagatik” berrartu du pertsonaia. “Badaude pertsonaia batzuk ez zaituztenak sekula abandonatzen. Medeak guztiz kolonizatu ninduen, eta berriro biran ateratzeko beharra sentitu dut”, adierazi du.