Abadiñoko xake taldeak etxeko lanak eginda ditu Euskadiko Ohorezko Mailan. Euskadiko mailan jokatzen eta eskualdeko erreferente izaten jarraituko du hurrengo denboraldian. Maila bat beherago, Bizkaiko Gorenean dabilen Abadiño B taldeak ere estuasunik barik eutsi dio kategoriari, eta goikoekin borrokan aritu da azken jardunaldietan. “Ezin dugu gehiago eskatu. Helburuak beteta oso pozik gaude”, adierazi du iaz 25 urte bete zituen klubeko Alain Prieto xakelariak.
Abadiñoko talde nagusi biak esperientzia handiko xakelariek osatzen dituzte. Urte asko daramatzate kluba aurrera eramaten. Baina harrobia indartsu dator, eta laster beteranoei apurka-apurka erreleboa ematen hasteko moduan egongo direla uste du Prietok.
Zornotzaren plana
Xake partida bat bailitzan, Zornotzako arduradunek modu estrategikoan mugitu dituzte aurten klubeko ‘piezak’. Bizkaiko Gorenean talde bi izatea zen helburua, eta xakelariak helburu horren arabera banatu dituzte talde bien artean. Apustua borobil irteteko zorian dago. Deskalabrurik ezean, talde nagusiak mailari eutsiko dio eta bigarrena igo egingo da. Beraz, denboraldi hasieran planifikatu moduan, Zornotzak talde bi izango ditu Bizkaiko Gorenean.
Zaldi Baltza, besteen zain
Elorrioko Zaldi Baltzak gurago luke Zornotzaren planak akatsen bat balu. Izan ere, Lehen Erregionalean, talde bi igotzen diren mailan, Zornotza bigarren dago eta Zaldi Baltza hirugarren. Puntu biko aldea dago bien artean azken jardunaldiaren faltan. Gaitz dute igoera. Denboraldiko hasiera “kaskarrak” kondenatu ditu, Aitor Arabiourrutia xakelariaren ustez. Orain, martxa hartu eta sasoi betean daudenean, liga amaitu egin zaie, eta miraririk ezean ezingo dute iaz galdutako maila berreskuratu.
Abadiñon lez, xakelari gazteen garapenak etorkizunari baikortasunez begiratzeko aukera eskaintzen die. Manex Regillaga da horren adibide garbia. Kimu mailako (11-12 urte) xakelariak nagusiekin birritan jokatu du aurten eta ez du galdu; garaipen bat eta berdinketa bat.
Larrasoloeta taldea
Durangoko Larrasoloeta xake taldea Bigarren Erregionalean dabil eta zortzigarren postuan dagoela Sestaon amaituko du denboraldia asteburu honetan. Klubeko B taldea bigarren dago Hirugarren Mailan.