Dozenaka lagunek parte hartu dute tarifikazio berriaren kontrako mobilizazioetan

Anboto 2017ko mar. 10a, 20:49
Urtiaga plazan egin dituzte, Berrizen, batzarra eta kontzentrazioa.

Asteon ezagutu diren Bizkaiko garraio publikoaren zonifikazio eta tarifikazio berriek Berriz eta Zaldibarko erabiltzaileentzat ekarriko duten prezio igoeraren aurrean mobilizazioak izan dira, gaur iluntzean, herri bietan. Dozenaka lagunek parte hartu dute herri bietan egin dituzten asanblada informatiboetan eta Igoerarik ez lemapean burutu dituzten kontzentrazioetan.

Bitartean, Bizkaiko Garraio Partzuergoko arduradunekin gai horren inguruan izan duten batzarraren berri eman dute Zaldibarko eta Berrizko alkateek, prentsa ohar baten bidez. Iaz egin zuten bezala, zonalde eta tarifa aldaketa horregaz Zaldibar eta Berrizko erabiltzaileak "asko kaltetzen" direla adierazi diote Partzuergoari, izan ere, herritar gehienek gehien erabiltzan duten zerbitzua, Durangorako norazkoa, garestitzen baitzaie.

Berriz eta Zaldibarko alkateek idatzi horretan azaltzen dutenez, "zonifikazioak alabeharrez aldaketa batzuk ekarri behar zituela" erantzun diete Bizkaiko Garraio Partzuergoko arduradunek, eta udalerri bien kasuan, aldaketa horrek "onuradunak eta kaltetuak" izango dituela.

Herritarrei "berriro ere elkartzeko" deia egin diete Berriz eta Zaldibarko alkateek, eta "herritarren defentsan arituko direla" berretsi dute. Aurreratu dutenez, astelehenean, gaiaren jarraipena egiteko udalbatzarrak egingo dituzte herri bietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!