Rio de Oro elkarteak Herriaren erreleboa hartuko du karabana solidarioaren antolaketan

Markel Onaindia 2017ko ots. 22a, 19:45

Aurtengoa azken aldia izan da Herria elkarteak sahararrei laguntzeko karabana solidarioa kudeatu duena. Gaur erakutsi dute, Elorrion,  Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamenduetarantz abiatuko den kamioia, elikagai eta arropaz betetakoa. Eurez gainera, Elorrioko Lajwad elkarteak, Hamadako Izarrak taldeak eta hainbat udalek parte hartu dute proiektuan.

Herriako Periko Arevalok pozik eman du lekuko aldaketaren berri. "Ez genuen erreleborik ikusten, eta Rio de Oro animatu izana lasaitasuna izan da guretzat". Duela 14 urtetik burutu dituzte karabana solidarioa eta Oporrak Bakean programa; azken hau ere Rio de Orokoek sustatuko dute. Mikel del Arco kideak euren sentipena azaldu du. "Lekukoa errespetu handiz hartzen dugu Herriak oso lan ona egin duelako, baina aurrera egiteko ilusioagaz ere bai". Azken urtetan desgaitasunen bat edo aniztasun funtzionala duten umeak ekarri izan dituzte Izurtzako kanpamendura, boluntario ugari batu dituen egitasmoan. Del Arcok grrantzi berezia eman dio Oporrak Bakean programa indartzeari, urterik urte desertutik irteten den ume kopurua beherantz etorri baita. "Errefuxiatuen kanpamenduak infernua dira udan. Ahalik eta ume gehien handik irtetea izan behar da helburua". Programa eskualdera zabaltzeko asmoa agertu, eta udalei horretarako laguntza eskatu die.

23.600 kilo elikagai
Zapatuan irtengo da euskal karabana Alacanteko porturantz, handik Oranera (Aljeria) bidaiatzeko. Durangaldetik kamioi bat joango da, Angel Alejo gidari dela. Kamioi barruan, 23.600 kilo elikagai, 400 kilo arropa eta 50 kaxa konpresa. Gainera, Hamadako Izarrak elkarteak labe bat, ogia oratzeko makina bat eta 750 kilo zemento sartu ditu, proiektu zehatz baterako. Herritarrek emandako 5 tona janaritik 2 Elorriokoak izan dira.

Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Garai, Iurreta, Mallabia, eta Zaldibarko udalek zein Amankomunazgoak 34.000 euro eman dituzte guztira, kamioia erosi eta gastuak kubritu ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!