Bultz: “Ibilbidearen hasieran gaude, eta motibazio oso handia dugu une honetan”

Itsaso Esteban 2017ko ots. 17a, 12:00

Euskal Herriko leku guztietatik etorritako musikazaleen bilgune izango da Durangoko Landako Gunea, bihar, 10:30ean hasita goizaldera arte. Jaia, zuzeneko musika eta aldarrikapena uztartuko dituzte 40 Minutu Rock jaialdian.

Kaotiko, Willis Drummond, Las Tea Party, Arkada Social, Enkore, Huntza, Skakeitan, Ze Esatek!, KOP, Anestesia eta Kaos Urbano taldeekin, Abadiñoko Bultz! talde berria ere arituko da Landako Gunean.

Jaialdi horrek erakartzen duen entzulego zabalaren aurrean beraien kanta berriak aurkezteko aukera izango dutelako, “oso pozik eta nahiko urduri” daudela adierazi dute Bultz! taldeko kideek. “Aukera itzela da guretzat festibal honetan jotzea”, azpimarratu dute.

Kantak ezezik, laukotea bera ere aurkeztuko dute zelanbait abadiñarrek Durangon, bihar. Bultz! taldearen lehenengo zuzenekoa izango da 40 Minutu Rock jaialdiaren barruan eskainiko dutena. Izan ere, taldekideek beste talde batzuetan urteetako esperientzia duten arren, sortu berria baita proiektu hori.

Iazko urte amaieran, taldearen lehenengo diskoa kaleratzeko finantziazioa lortzeko crowdfunding kanpaina bat abiatu zuten. Lehenengo disko horretarako prestatutako kantak eskainiko dituzte bihar, Landako Guneko kontzertuan.

Jendearen erantzunagatik eskertuta

Jendeak taldeari hasiera-hasieratik egindako harreragaz eta finantziazio kolektiborako deiak jaso zuen erantzunagaz oso pozik daude taldeko lau musikariak. “Izugarria izan da hainbeste jendek gugan konfiantza izatea, eta horrek indar handia ematen ditu”, adierazi dute. Oso eskertuta daude beraien lehenengo diskoa izango dena kaleratzeko jendeak aurrez eman dien laguntzagatik.

Musikazaleek egindako ekarpen ekonomikoari esker, lehenengo diskoaren grabazioa burutu dute Bultz! taldekoek. Grabaketa amaitutzat emateko arreikusitakoa baino denbora gehiago behar izan badute ere, laster espero dute ahotsak grabatzen amaitu eta diskoa kaleratzea. Diskorako egindako lanagaz “oso gustura” daude.

Durangoko 40 Minutu Rock jaialdiko estreinaldi handiaren osterako beste kontzertu batzutarako eskaintzak jaso dituzte, dagoeneko, Euskal Herriko hainbat txokotatik. Hainbat lekutan gura dute Bultz! zuzenean entzun. Eta aritzeko gogotsu daude taldekideak. “Ibilbidearen hasieran gaude, eta une honetan motibazioa oso handia da. Batzuentzat esfortzua diren entseguak, adibidez, plazerra dira guretzat”, adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!