Krosa biziberritzeko "neurriak hartzeko" eskatu dio Oier Ariznabarretak federazioari

Anboto 2017ko ots. 8a, 18:00

Kirol “anakronikoa” bihurtu dela uste du eta biziberritzeko “neurriak hartu” beharko lituzke federazioak.

Joan zen asteburuan Kros Luzeko Euskadiko Txapelketa jokatu zuten Sopuertan. Oier Ariznabarreta korrikalari durangarra izan zen parte hartzaileetako bat. Orduan ikusi eta bizitakoak aspalditik buruan zerabiltzan hausnarketak plazaratzeko bidea eman dio asteon sare sozialetan elkarbanatu duen gutun batean.

Oro har, krosa kirol “anakronikoa” bihurtu dela uste du. 90eko hamarkadako lasterketa bat gaur eguneko batekin alderatuta, “denborarik ez dela joan ematen du”. Krosak “bultzada bat” behar du eta “federazioak neurriak hartu beharko lituzke”, Durango Kirol Taldeko korrikalariaren esanetan. “Ez diot nigatik. Kirol honetatik bizi ahal izateko sakrifikatzen den jendeak, (Ivan Fernandez, Oubaddi…) pena ematen dit, ez zaielako behar adinako errekonozimendurik ematen”.

Sopuertako krosean eguraldi lorrina egin zuen: euria, haizea… Ikusleak erakartzeko ez dira baldintzarik egokienak, baina beste faktore batzuek ere badaudela uste du Ariznabarretak. Antolakuntzako hainbat gabezia zerrendatu ditu. Esaterako, sari banaketa “mingarria” egin zitzaion. “Ez zegoen jenderik, sarien banaketa erdipurdikoa izan zen eta hori guztia hobetzeko interesa hutsaren hurrengoa dela uste dut”. Edozelan ere, dituzten baliabideekin probetako antolatzaileek “nahikoa egiten dutela uste dut”. Ez die orokorra den egoeraren errurik egozten. “Gaur egun kros proba bat antolatzea arazo handi bat, baina ez luke  horrela izan behar”. Horregatik uste du federazioak kirola biziberritzeko ahalegin berezia egin beharko lukeela.

Anderez presidentearen ustez "gatxa da" egoerari buelta ematea

Euskadiko Atletismo Federazioko presidente Juan Jose Anderezek gaiaren gaineko bere ikuspuntua eman du gaur Euskadiko Kros Laburren Txapelketa aurkezteko Berrizen izan den prentsaurrekoan. Ez ditu Ariznabarretak esandakoak gezurtatu, egoerari buelta ematea “gatxa” dela onartu du eta, batez ere, gaur egungo egoeraren zergaitiak azaldu ditu.

Anderezek onartu duenez, “urte batzuetatik hona krosa sasoian batean zuen tokia galtzen ari da, baina ez Euskadin bakarrik, baita Espainian eta Europan ere”. Krosak galdu duena mendi lasterketek irabazi dute: “Mendi lasterketetarako afizio handia dago hemen inguruan”.

Ondorioz, “gero eta zailagoa” da txapelketak antolatzeko herri bat bilatzea. “Sasoi batean hainbat tokitako eskaintzak izaten ziren eta federazioaren lana horietako bat aukeratzea zen. Gaur egun bila ibili behar dugu”. Anderezen ustez herri askok ezin die aurre egin proba bat antolatzeko gastuei. “Federazioak ekonomikoki ez du errekurtsorik probei laguntzeko. Antolatzaileak egiten dira gastuen kargu. Orain urte gutxira arte hori ez zen arazoa, baina gaur egun egoera kontrakoa da”. Horrela, “txapelketa bat lehiatzeko hile eta erdiren faltan, oraindino tokia bere ere ez duzunean… azkenean gauzak ahal diren moduan ateratzen dira aurrera”.

Otsailaren 21an Euskadiko Atletismo Federazioko zuzendaritzaren batzarra dago eta hiru egun geroago batzar orokorra. Gune horietan gai honen inguruan eztabaidatuko dutela dio, baina baita beste askoren gainean ere “azken batean krosa atletismoak dituen adar askotariko bat delako”.

Argazkia: Juan Jose Anderez gaur Berrizen:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!