Ugartetxea: “Zortzitik zazpi lehen ere egon gara finalean, eta dugun onena ematera goaz bihar”

Itsaso Esteban 2016ko abe. 16a, 09:24
Miren Amuriza eta Beñat Ugartetxea

Ugartetxea bizi den herrian, Zornotzan elkartu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Durangaldeko finalistak. Txapelketaz eta bertsolaritzaz jardun dira tailer bateko langile ere baden mallabiarra eta bizi den herriko gaztetxoei bertso eskolak ematen dizkien berriztarra. Mendizalea eta kirolaria ere bada Ugartetxea, eta Hiru Haundiak izan ditu urrian helburu. Entrenatuta dator bihar laugarrena igotzeko. Amuriza ere sasoi betean dago, aitortu duenez, besteak beste, Berria egunkariko eguneroko artikulua idaztea bertso entrenamendurako ariketa aproposa baita.

Azken asteotan zuen inguruan gertatzen denak eragina izango du zuengan finalera begira... Zelan lortzen duzue presioa gainditu eta oholtzan gozatzea?
Beñat Ugartetxea: Behin txapelketan sartuta, gura barik ere bertsoa izaten dut momentu oro buruan. Bi hilabeteotan horrela nabil. Gura barik ere, denari ateratzen diozu errima, edozein gertakari entzun eta gai horri buruz zer esango zenukeen pentsatzen duzu. Niri asko eragiten dit txapelketak; plazara trankil joaten naiz, baina txapelketara ez. Bederatzigarren sailkatu naiz azken txapelketetan, eta orain, finalera sartuta, presio handiagoa nabari dut.
Miren Amuriza: Beñatek dioen moduan, hasten denetik daukazu txapelketa buruan. Baina, saioko astean, buruan ezezik gorputzean ere igartzen dut. Formula idealik ez dago, baina ahalik eta martxarik normalenean jarraitzeak laguntzen du. Finalean gertatzen dena gertatzen dela ere, bizitzan beste helduleku batzuk dauzkazula jakiteak lasaitzen zaitu.
B.U.: Ni, berez, oso jendezalea naiz, baina aste honetan, batez ere, nire bakardade momentuak bilatu ditut finala orduko. Txapelketa ez balego ez nuke hori egingo. Bihar goizean ere, kirol apur bat egin, goiz bazkaldu, eta beharbada siestatxo bat egitea izango da nire plana.
M.A.: Ekidinezina da finalera begira urduritasuna sentitzea, baina gakoa da nerbioak gestionatzen jakitea: urduritasun hori zure burua esprimitu eta duzun onena emateko erabiltzea.
B.U.: Gogoan dut Euskal Herriko azken txapelketan gertatu zitzaidana; trankil joan arren, oholtzara igo eta zuri geratu nintzen. Horren arantza barruan daukat oraindik.

Zelan ikusten duzue finalera ailegatu den zortzikotea?
B.U.: Talde polita da, eta ez dago faborito argirik... Zortzitik zazpi lehenago ere finalean egondakoak gara, eta dugun onena ematera goaz bihar. Nire kasuan, finalaurrekoa irabazi izanak morala eman dit.
M.A.: Finaleko argazkian lau neska eta lau mutil mantentzeaz gainera, belaunaldi aldaketa bat ere ikusten da, eta hori gauza ederra da entzuleentzat ere.

Imajinatzen duzue zuen burua Xabier Amurizaren eskutik txapela jasotzen?
B.U.: Txapela neure buruan ikustea zail ikusten dut. Aitaren eskutik Mirenek jasoko balu, bera beste poztuko nintzateke. Historikoa litzateke: hori behin gertatu daiteke, eta orain da.
M.A.: Barru-barrutik desio dut argazki hori,  bai nire bertso ibilbidean eta baita neure bizi ibilbidean ere kapitulu bat zarratzea eta beste bat zabaltzea izango litzatekeelako. Bakean eta bare nago, eta lasaitasun horretatik gura dut finalean jardun.

Ez duzue lehenengo aldia final batean. Aurreko finalen zer oroitzapen duzue?
B.U.: 2010eko finalean gozatu izanaren akordua daukat. Pisua beste batzuek zeramaten. Tartean, Mirenek, Euskal Herriko final ona eginda heldu baitzen.
M.A.: Hogei urtegaz izan zen hori. Handik bi urtera final eskasa egin nuen, eta bi urte geroago ez nintzen finalean sartu ere egin. Ez da kasualitatea hori gertatu izana; 18 urtegaz kantatu nuen Bizkaikoan lehenengoz, 19gaz Euskal Herrikoan, 20gaz Bizkaiko finalean paper ona egin... Eta ni ohartu barik, ez zegokidan leku batean nengoen, ez zegozkidan plaza klase batzuk egiten... Neurria eman gura, eta ezinean ibili nintzen. Duela bi urteko Bizkaiko finaletik kanpo geratu nintzenean hasi zen niretzat aurtengo txapelketa. Aurtengoa ziklo berri baten hasiera izango dela uste dut, eta gogotsu nago.
B.U.: Euskal Herrikoan goia jo zuenean, hurrengo saioetan ere horraino heltzea exijitzen zitzaion Mireni. Ez da erraza hain gazterik zure burua hor ikustea.
M.A.: Zure oinaren neurria baino handiagoak diren zapatekin ibiltzearen modukoa da: ez dagokizu hori, ez zabiltza eroso.

Plazarik plaza gura beste ibiltzeko aukera daukazue txapelketatik kanpo ere?
B.U.: Bai, nahiz eta aurten neuk murriztu dudan saio kopurua. Izan ere, urrian Hiru Haundiak egin gura izan dut, eta horretara ibili naiz gehiago. Lehen, eskaintzen zidaten guztiari esaten nion baietz, pentsatu barik, baina orain bi alabaren aita ere banaiz, eta neurria hartu diot.
M.A.: Beñatenaren kontrakoa bizi izan dut nik; bizitzako beste fase batzuetan gehiago neurtu ditut saioak, eta aspaldi honetan, etorri diren gehienak egin ditut. Bertsotan egiteko gogoa eta aukera eduki dut, eta dei asko ere etorri dira. Aurtengo udan inoizko saiorik gehien egin dut.

Txapelketara begira ere inportantea da plazetako entrenamendu hori?
B.U.: Bageneki entrenatzeko zein den metodo ona! Nire kasuan, adibidez, txapelketa prestatzeko inoizko gutxien ibili naiz entrenatzen. Lehen, txapelketa sasoian, astean bi-hiru entrenamendu egiten nituen, eta oraingoan astean behin elkartu naiz Etxahun Lekuegaz. Eguaztenetan elkartzen gara Paya, Estiballes, Lekue eta laurok. Aldiz, egia da sekula baino gehiago irakurri dudala ere, errimak gehiago errepasatu ditudala... Orain, gehiago arduratzen nau gaiari heltzeko moduak, ideiak lantzeak, zeresana izateak... Iruzkinak egiten dizkiogu elkarri, eta oso baliagarria da besteek zure bertsokerari buruz diotenetik hobetzen saiatzea.
M.A.: Ni beti izan naiz entrenamendua paperean egitekoa. Orain bi urteko txapelketa aurreko udan errimak egiten ibili nintzen, obsesionatuta ia. Baina plazan ez nenbilen ondo bertsotan. Aurtengo udan plazan kantatu, irakurri eta pentsatu egin dut, ez hainbeste teknika landu. Bestalde, egunero-egunero Berriarako idazten dudan artikulua lantzea oso ondo datorkit lanketa ideologikoa egiteko. Bestelako entrenamenduekin ere irail erdi partetik nabil, Durangaldeko bertso eskolakoekin.

Osasuntsu ikusten duzue ohiko saio horien zirkuitua?
B.U.: Bai, gero eta bertsolari eta saio gehiago dago.
A.M.: Asko dibertsifikatu da gainera, lekuei, gaiei eta formatuei dagokienez. Eta gauza interesgarriak sortzen dira.

Bestearen bertsokeratik zer duzue gustuko?
B.U.: Mireni maila ikusten diot, eta berea ematen badu, txapelduna izateko aukerak dauzkanetako bat dela uste dut.
M.A.: Alde batetik, bertsolari moduan, beragaz taldean jardutea eskertzen den pertsona da Beñat. Freskotasun handikoa. Badakit jendeak ere estimatu izan duela txapelketetako saioetan Beñatek orain arte umoreari helduta hartu duen rola. Umoretik oso ona da, eta berak ere badaki hori, baina apustua egin du beste aurpegi batzuk erakusteko. Ondo atera zaio apustua, eta uste dut biharko finalean ere bertsolari osoago hori entzungo dugula.

Xabier Amurizak jantziko dio txapela zapatuko irabazleari

Xabier Amurizak (Zornotza, 1941) jantziko dio 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari txapela. Bertsogintzari lotuta urteetan egin duen lana eskertuko dio Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, horrela, Xabier Amurizari. Maiatzean, plazetako bertsogintzatik erretiroa hartuko zuela iragarri zuen Amurizak, eta euskaltzale eta lagunek 51 urtean egindako ibilbidea eskertzeko, egitarau oparoa antolatu zuten.   

Bizkaiko Txapelketako talde antolatzaileak azpimarratu du, “bertso munduko erreferente handia” dela Amuriza, “bai bertsolari moduan, txapeldun ere izan delako, baita bestelako jardunetan egindako beharragatik ere”.

2016ko Bizkaiko bertsolari txapeldunak, beraz,  “bertsolaritzari iraultza ekarri zion” eta “bertsolaritza modernoaren figura nabarmenetako bat” izan den zornotzarraren eskutik jasoko du bihar txapela.

Bizkaiko Bertso Txapelketako biharko finalean bertsotan jardungo diren Miren Amuriza eta Beñat Ugartetxea ezezik, Xabier Amuriza, Maite Berriozabal berriztarra eta Amaia Ugalde elorriarra ere igoko dira Bilboko Miribilla aretoko oholtzara. Bizkaiko Bertsozale elkartean gai-jartzaile taldeko kideak dira Berriozabal eta Ugalde, eta bertsolariei kanturako gaiak ematen eta aurkezpen lanak egiten arituko dira bihar arratsaldean.

Ugalde eta Berriozabal bezala, urte birik behin egiten den Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatzeko, hainbat bertsozale jarduten dira lan boluntarioan. Tartean, baita Durangaldeko hainbat lagun ere.

Lau lantaldetan
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Durangoko egoitzan, lau taldetan jarduten dira txapelketa antolatzen. Finalean oholtzan egongo diren Berriozabal eta Ugaldegaz, txapelketarako gaiak pentsatzen ibili dira, esaterako, Itxaro Juaristi eta Maider Arizmendiarrieta gai-jartzaile taldean. Baita, Ione Narbaiza eta Itsaso Gangoitiagaz batera, komunikazioaz arduratzen den taldean ere.  

Epaile taldean ere badago Durangaldeko bertsozaleen presentziarik; bertsolarien lana neurtzen ibili dira Alaitz Etxanobe, Itxaro Juaristi, Jon Jaio eta Miriam Juaristi.

Asier Ibaibarriaga, Ione Narbaiza eta Maider Arizmendiarrieta, bestalde, Antolakuntza taldean dabiltza.
Urte guztian zehar Bizkaiko Bertsozale elkartean lanean ibiltzen direnak, bertsozale denak, apirilean Txapelketa abiatu zuten 56 bertsolariak, euskaltzale eta kulturzaleak... asko dira bihar 17:30ean hasiko den finalera begira daudenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!