Bihar ekingo diote bertsolari txapelketaren bigarren faseari

Anboto 2016ko urr. 14a, 12:00

Bizkaiko bertsolari txapelketaren udazkeneko faseko lehenengo saioan parte hartuko dute Aitor Bizkarrak, Garikoitz Sarriugartek eta Miren Amurizak

Urriaren 15ean hasiko da Bizkaiko bertsolari txapelketako udazkeneko fasea. Bost kanporaketa eta hiru finalaurreko izango dira fase horren barruan, eta abenduaren 17an jokatuko dute finala. Mungiako Olalde aretoan burutuko dute, urriaren 15ean, txapelketaren udazkeneko faseko lehenengo kanporaketa, eta Durangaldeko hiru bertsolari daude saio horretan kantatuko duen seikotean: Aitor Bizkarra, Garikoitz Sarriugarte eta Miren Amuriza.

Bizkaiko 30 bertsolarik parte hartuko dute urritik abendura arte jokatuko den txapelketako saioetan, eta Durangaldekoak dira horietariko zazpi. Txapelketaren udaberriko fasean bildutako puntuei esker lortu zuten udazkeneko faserako txartela Txaber Altube eta Aitor Bizkarra abadiñarrek, Garikoitz Sarriugarte zaldibartarrak eta Beñat Romero zornotzarrak, eta Bizkaiko txapelketaren finalean inoiz kantatu izan dutelako lortu dute udazkeneko fase honetan parte hartu ahal izateko txartela Beñat Ugartetxeak, Eneko Abasolo Abarkas-ek eta Miren Amurizak.

Fase honetako bederatzi bertso saioetatik bakarra jokatuko dute Durangaldean: azaroaren 5ean, Zaldibarren egingo dute bosgarren kanporaketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!