"Ekimen honek erakusten du jantokien araudiak ez dituela familien beharrak asetzen"

Anboto 2016ko urr. 11a, 18:36

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartearen (EHIGE), Sortzen elkartearen eta Ikasle Abertzaleen babesa jaso dute Berton Bertokoa dinamikako kideek.

Durangaldeko bederatzi eskola publikotan bertako eta sasoiko produktuak ematea gura dute, eta horiek jantokian prestatzea ere bai. Durangoko Landako ikastetxean irudikatu dute hezkuntza arloan lanean dabiltzan elkarteen atxikimendua.

EHIGEko Lourdes Imazen ustez, "ekimen honek erakusten duena da gaur egungo jantokien araudiak ez dituela asetzen familien beharrak". Ikastetxeetan katering sistema ezarrita dago. "Bada garaia araudia aldatzeko. Ikastetxe bakoitzak eduki behar du aukera jantokien gestioaz erabakitzeko".

Sortzeneko Olatz Egigurenek esan du "jantokien gaia lehentasunezkoa" dela. Elikadura egokia, osasuna, ingurumena eta bertako nekazaritza sustatzeaz gainera, bere iritziz, ikastetxe bakoitzean jantoki bat edukitzeak lagundu egin dezake elkarbizitzan eta euskararen zabalkundean sakontzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!