Roman Bengoa: "Elikagaien sektorea ekologikoari begira dago"

Anboto 2016ko ira. 5a, 09:04

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) Zornotzan duen egoitza jendaurrera zabaldu dute. Erakusketa autogidatua zabaldu dute bertan, “ekologikoa hitzak atzetik zer dakarren azaltzeko”. Ekoizpen eredua ere jasangarria izatea bermatu gura dute ENEEKo lehendakari Roman Bengoak (Berriz, 1959) azaldu duenez.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (ENEEK) egoitza da Jauregibarria 2014tik. Egoitza publikoarentzat zabalik dago.
Erakusketa trinkoa zabaldu dugu. Herritarrei begira, kontsumitzaileei begira, ‘ekologikoa’ hitzak atzetik zer dakarren azaltzeko informazio puntu bat da.

Bertaratuko denak zer topatuko du?
Hainbat elementuk osatutako erakusketa da, lurra ardatz moduan hartuta. Izan ere, nekazaritza ekologikoaren helburua lurraren emankortasunari eustea da. Gaur egun, nekazaritzak eta abeltzaintzak ez dute hori bermatzen, oso industrializatuta daude. Gero eta lur emankor gutxiago dugu janaria ekoizteko, eta egiten den nekazaritzak ez du bermatzen hurrengo belaunaldietan lurren emankortasuna handitzea. Ortugintzan, adibidez, oso intentsiboa den maneiu konbentzional baten erruz lurrik gabeko nekazaritzara goaz: lehen ortuak zirenak orain plastikozko laminak dira.  

Berdina da abeltzaintzan?
Abeltzaintza intentsiboa dagoen tokietan —Euskal Herrian baino gehiago kanpoan— abereak ez dira larretzen, eta erabilitako elikadura eta baliabide guztiak kanpotik datoz. Belarjaleak ez diren abereena (txerriak, oiloak...) oso produkzio intentsiboa da.

Horri buelta eman gura dio nekazaritza ekologikoak?
Bai. Gure ekoizpen eredua ere  jasangarria izatea bermatu gura dugu, produktuaren merkaturatzean edota garraio sisteman sartu gabe. Hori da gure ardura, horretan datza nekazaritza ekologikoa. Zein eredugaz ekoizten den janaria.

Nekazaritza ekologikoa sustatzeko landu beharreko arloa da sentsibilizazioa?
Lurraren %75 ura da, eta beste %25aren erdiak ez du balio elikagaiak ekoizteko —adibidez, muturreko klima delako—. Hala ere, emankorrak ez diren lurrek osatzen dute gelditzen zaigun %12 horren erdia (mendia, padurak...). Beraz, elikagaiak ekoizteko lur emankorrak %6 dira. Baina, azpiegitura  handiak, hiriak... ditugu hor; lurragatiko lehia handia da, eta lur emankorrari eutsi ezean elikagaiak ekoizteko beste bide batzuk topatu beharko ditugu, naturalak izango ez direnak. Horretaz sentsibilizatu gura dugu, ikustarazi lur emankorrak finituak direla, bukatu daitezkeela. Horri buruzkoa da erakusketa. Eskola umeentzat unitate didaktikoak ere prestatu ditugu.

Ikastetxeetara joko duzue?
Gabonak aurretik probak egin gura ditugu inguruko eskoletan. Eta, udaberriari begira, Durangalde osora zabaldu gura genuke. Lurraren emankortasuna baloratzen ikasteko materiala da landutakoa; inguruko ortugileren bat ere bisitatuko dute.

Elikadura ekologikoaren eragileen kopurua %38 igo da 2013tik hona. Era berean, ekologikoan elikagaien industriaren fakturazioa %84 hazi da. Hala da, bai. 2013an bertako elikagaien industriak zazpi milioi euro fakturatu zituen ekologikoak; iaz, 13 milioi euro.

Datu esanguratsuak dira, ezta?
Bai. Elikagaien sektorea ekologikoari begira dago. Hori erakusten dute datuok. Produktua transformatzeko beste modu bat eskatzen duten kontsumitzaileak badaudela ikusten dute. Merkatu bat ikusi dute.

Jaten dugunaz gero eta kontzientzia handiagoa dugu?
Gero eta ohikoagoa da elikagai ekologikoa bilatu edo aurkitzea. Baina, ez dugu argi kontsumitzailearen sentsibilizazio maila neurri berean hazi den. Kontsumitzaile batzuek aurrean jartzen zaiena erosten dute, eta ekologikoa, ez dakit modan dagoen, baina, bada erakargarria une honetan. Badago larregi jakin gabe ekologikoa kontsumitzera animatzen denik, baina, orain arteko kontsumitzailea oso militantea izan da. Informazio asko eta bertoko ekoizpenagaz konpromisoa izan du, eta, bide hori jorratzen jarraitu gura dugu. Konprometitutako herritarrak gura ditugu, gero hori zenbakietara eramatea oso zaila den arren. Horretarako, orain arteko kontsumitzaileen laguntza behar dugu. Kontsumo taldeetan mugitzen diren askok ekologikoarekiko ez eze, bertako ekoizpenarekiko ardura ere badu. Ekologikoa gura du, eta gainera bertokoa. Hori da guri interesatzen zaiguna. Nahasmen handia dago, eta kontsumitzaileek ekologikoa ekoiztea zer den jakin dezaten gura dugu. Horretara dator erakusketa.

Lehenengo sektorearen biziraupenerako bidea da ekologikoa?
Ez dakit. Argi duguna da lurraren emankortasuna mantendu gura badugu, eta lurra era naturalean ekoizten jarraitu, egungo produzitzeko modu konbentzionalak ez digula lagunduko. Ongarri sintetikoetan edo fitosanitarioetan oinarritutako nekazaritza eredurik ez dugu gura. Ingurumenean arazo asko sortu dira, eta osasunari dagokionez lagundu ez duela argi dugu.

Zein da EHNEEK-aren lana?
Ekoizpen eredu honen ezagutza zabaltzea; atzean dagoen kultura ekologikoa zabaltzea. Kontrol eta zertifikazio lana ez eze sektorearen ordezkaritza lana ere egiten dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!