Abuztuaren 8an zabalduko dute Gerediaga-Elorrio autobidea

Anboto 2016ko abu. 3a, 15:38
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Egunero 12.200 ibilgailu inguru igaro ohi dira Durango eta Beasain arteko  korridoretik, kopuru horretatik 1.800 kamioiak direlarik. Ibilgailu horiek herriguneetan zehar igaro beharrean aurrerantzean autobidea doan erabiltzeko aukera izango dute.

Abuztuaren 8tik aurrera Durangaldeak trafikorako edukiera handia duen doako azpiegitura berri bat izango duela azaldu du gaur Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak. "Autobidea irekitzeko eguna jarrita daukagu eta egun hori abuztuaren 8a izango da. Horrela Ahaldun Nagusiak eta Aldundiak bizkaitar guztiekin, bereziki Durangaldean bizi direnekin, hartu zuen konpromisoa beteko da".

Imanol Pradalesek nabarmendu du autobide hau irekitzean Bizkaia Goazen 2030 programaren beste konpromiso bat beteko dela. "Bizkaia bere azpiegituren bidez egituratu eta kohesionatzea, modu orekatuan. "Durangaldeak trafikorako edukiera handia duen eta prestazio handiak dituen errepide bat izango du, eskualdeak dituen beharrizanak beteko dituena, N-636 errepidearen bidez egunero 12.000 ibilgailu baino gehiago igarotzen baitira, eta lehiakortasun handiagoa emango diona".

Azpiegitura honek Matiena, Abadiño, Atxondo, Iurreta, Durango eta Elorrioko herriguneetan zehar gaur egun igarotzen den trafikoa aterako duela aurreratu dute foru arduradunek. Egunero 12.200 ibilgailu inguru igaro ohi dira Durango eta Beasain arteko  korridoretik, kopuru horretatik 1.800 kamioiak direlarik. Iibilgailu horiek herriguneetan zehar igaro beharrean aurrerantzean autobidea erabiltzeko aukera izango dute. Prentsa oharrean azaldu dutenez, "aldaketa horrek hobekuntza nabarmena ekarriko dio zaraten eta isuri kutsagarrien murrizketari".

Gaineratu dutenez, "doako autobide berriak eskualdeari balioa eransten dio, eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzen duelako, baita bide-segurtasuna ere, eta bidaia-denborak laburtuko dituelako. Aldunditik azpimarratu dutenez, Gerediaga-Elorrio autobiaren eraikuntzan 340 enpresak eta 2.000 langile inguruk hartu dute parte, zuzeneko lanpostuak bakarrik zenbatuta". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!