Aitor Elordi: "Herri guztiaren aurrean txupinazoa jaurtitzea oso polita izango da"

Anboto 2016ko abu. 12a, 11:00

Urtarrilean profesionaletan debutatu zuen Aitor Elordi pilotariak jaurtiko du aurten herriko jaietako txupinazoa. Parrandarako ez du astirik izango, baina. Udaletxeko balkoitik berehala jaitsi beharko du, iluntzean partidua jokatuko baitu. Elordi eta Tolosa, Gorka eta Irustaren kontra arituko dira.  Irribarriak eta Barriolak, berriz, Altuna III.ena eta Zubieta izango dituzte aurrez aurre.

Zelan jaso duzu albistea?
Amak lagun bat du udaletxean, eta hari esan zioten txupinazoa neuk botatzea gura zutela, aurten nire debuta izan delako. Amaren bidez jakin dut, beraz.

Gustatu zaizu proposamena?
Bai, herri guztiaren aurrean txupinazoa botatzea oso polita izango da. Beraz, oso pozik nago.

Herrikideen aurrean zer esango duzun erabakita duzu?
Udaletxean horretaz arduratzen denagaz ez naiz batu, baina pentsatuko dut zer esan.

Sentitu izan duzu herritarren babesa kantxan?
Gehien debut egunean sentitu nuen. Mallabitik jende asko joan zen. Ez nuen hainbesteko babesa espero. Nire egun berezi horretan herriko jendea ondoan izatea oso berezia izan zen. Astelena bete egin zen. Mallabitik Eibarrera autobusetan eta kotxeetan joan ziren.

Urtarrilean profesionaletan debutatu zenuenetik, zelan aldatu da zure bizitza?
Gehiago entrenatzen naizen arren, egunerokotasunean ez da hainbeste aldatu. Ikasten jarraitzen dut, eta entrenatzen ere bai.

Profesionaletan aritu arren, ikasketak garrantzitsuak dira.
Ikasten jarraitu behar da, pilotako momentua amaitu egiten da eta. Ikasi barik gaur egun ez dago ezer. Goi mailako modulu bat ikasten ari naiz.

Iurretan entrenatzen zara?
Mallabiko klubetik Iurretako klubera joan naiz. Kluba ados dago, eta Josetxo Areitiogaz entrenatzen naiz.

Urte honen balorazioa egingo zenuke?
Gauzak apurka-apurka lortzen dira. Debutatu arren, pilota sakrifikatua da eta apurka-apurka noa.

Hurrengo erronkak zeintzuk dira?
Goizegi da erronketan pentsatzeko. Orain gogor entrenatzen jarraitu gura dut, eta partiduetan gustura sentitu. Maila igotzea gura dut, eta egongo da erronketarako astirik.

Udan partiduak dituzu. Oporrak noizko?
Bai, udan herrietako jaiak dira, eta partiduak jokatzeko aprobetxatzen dugu. Ea lesiorik ez dugun eta kantxan disfrutatzen dugun. Klaseak amaitzerakoan hartu nituen pare bat aste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!