Durangaldean saio bi eskainiko ditu Maintomano taldeak asteburuan

Anboto 2016ko uzt. 8a, 12:00

Udako aire zabaleko kultur emanaldien programa biren barruan arituko dira, asteburuan, Durangaldean, Maintomano zirku taldekoak. Berrizko Olakueta plazan eskainiko dute gaur, 20:00etan, Ekilibuá zirku ikuskizuna; eta Durangoko Ezkurdi plazan, bihar, 20:00etan.

Duela urte bi, Gaztela eta Leongo antzerki jaialdian kale ikuskizunik onenaren saria jaso zuen 45 minutuko iraupena duen ikuskizun honek.

Egurrezko objektuak manipulatzen dituzte artistek beraien oreka eta malabare saioak egiteko, eta umorezko eszenak sortzen dituzte.

Marcos Rivas malabarista eta Morgane Jaudou ekilibrista dira 2005. urtetik Maintomano taldea osatzen duten artista biak, eta oreka-jokoak, malabareak eta antzerkia uztartzen dituzte Ekilibuá ikuskizunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!