Xabi Otero: "Euskara jatorrian biziraun duen Europa mendebaldeko hizkuntza bakarra da"

Anboto 2016ko eka. 27a, 09:23
Argazkia: Dani Blanco

Euskal kulturaren azterketarako eta zabalkunderako oinarria da Jauzarrea, 27 naziotako 53 unibertsitate eta erakundetako 150 ikertzailetik gora batzen dituen proiektua. Xabi Otero Jauzarrearen helburu eta ondorioez arituko da, Abadiñon, martitzenean, 19:00etan.

Nola jaio zen Jauzarrea?
Euskaldunon identitate argi bategaz ikusi gaitzaten lortze aldera, nazioartean euskaldunen inguruan lan egin duten ikertzaileak batzea jorratu zitekeen beste bide bat iruditu zitzaigun; inoren lana (Euskal Ikaskuntza, Arantzadi...) trabatu gabe. 45 urtetik gora dira emaztea eta biok Euskal Herriko ondare historiko eta artistikoa batzen lan egiten dugula, eta lagun sare handia sortzeko aukera eman digu. Duela urte batzuk Prailehaitz (Deba) suntsitu ez zezaten sortutako mugimenduaren ondotik, kultura alor guztietara zabaltzeko beharra ikusi nuen.

Horretarako sortu zen?
Bai. Ikertzaile batzuk eta besteak batu genituen, eta horiek beste batzuk ekarri zituzten. 400 lagunetik gora bildu zituzten zenbait kongresu ere eratu genituen, gu eta ikertzaileen arteko lotura sortzea bideratuz. Euskaldunak ezagutzeko aukera ere izan zuten; izan ere, mundu akademikoan Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistema da gurea. Harreman hauen bitartez, ikertzaileek hizkuntza ere aldatu dute: euskal babeslekua, euskaldunak, Bizkaiko golkoa... diote estatuak aipatu gabe.

Garrantzitsua da hori?
Ea etorkizunean 150 ikertzaile barik 300 diren, eta ordezkatzen dituzten instituzio eta erakundeetan horrela hitz egiten duten. Hori da Jauzarrean helburua: garen moduan ikusi gaitzatela. Beste helburu bat izan daiteke, hainbat diziplina ordezkatzen dituzten ikertzaile hauen guztien bitartez, euskara gizon-emakume guztien ondare legez izendatzea eskatzea. Hizkuntzalariek diotenez, jatorrian biziraun duen Europa mendebaldeko hizkuntza bakarra da euskara; eta, giza-hizkuntzaren jatorriagaz egon daiteke lotuta. Honetan guztian ados egonda, hori sostengatu eta erabilita, eta urteetan erakundeetan eraginda baliteke lorpen batzuk izatea.

Protoeuskara deritzona Europako lehenengo hizkuntza da hizkuntzalarien esanetan?
Biziraun dutenen artean lehenengoa, bai; inork ez daki zer zegoen aurretik. Esan daiteke  hizkuntza hau hemen egon dela 30.000 urtean, eta gaur egunera arte heldu dela. Besterik egon den ez dakigu. Euskararen substratu horrek Austriatik Gibraltarrera eta britainiar irletatik Alpeen hegoalderainoko lurraldea hartuko luke; Sardinia barne. Baita Frantziaren eta Iberiar Penintsularen mediterraneoa ere. Euskal leinu genetikoek berresten dute hori.

‘Euskara’ proiektuaren barruan landu duzue hori?
Bai. Hala ere, dena dago lotuta hizkuntzagaz. Identitatea mantendu badugu, oraindik euskara existitzen delako da %99an. Hizkuntza da euskaldunon ezaugarririk argiena, garbiena, eta Jauzarrean egiten dugun guztia horretan oinarritzen da, hizkuntzari balio handia ematean. Jauzarreagaz lan egiten duten hizkuntzalariek diotenez, antzinako euskara hori duela 30.000-40.000 urte hitz egiten zen, —700 hizkuntzatik gora batzen dituzten Euroasiako hizkuntzen superfamiliak sortzeko metodoak erabili dituzte—. Halaber, Stephen Oppenheimer genetikari eta idazle ingelesak adierazi du protoeuskara gizakion hizkuntza primitibo haren parte ere izan zitekeela: horren arrastoak topatu dituzte Afrikako gerriko ekuatorialean, eta hor dago homo sapiensaren jatorria, Afrikan.

Euskaldunak Europako lehenengo biztanleak izan ginen? Hori aztertzen ari zarete ‘Atlantiar’ proiektuan, ezta?
Moldatzen joan diren ikerketetan oinarritzen da gure lana. 2006an ziurtzat ematen zen duela 35.000 urte heldu zela homo sapiensa Europara, eta duela urte bi 45.000 urte zirela esan zen: Asia erdialdetik migratu zuten talde haiek Bizkaiko Golkoan batu ziren — seguruenik mikroklima onagatik­—, eta gero hainbat lurraldetara zabaldu ziren. Hala ere, Glaziazio Aroan babeslekua izan zuten berriz ere Bizkaiko Golkoa. Aro hori amaituta, biztanleria handituz joan zen, eta izotza desagertu ahala lurraldeak okupatuz joan ziren: Bretainia, Cornualles, Eskozia, Ingalaterra.... britainiarren ikerketen emaitzak dira horiek: euren jatorria jakin guran, euskaldunen jatorriagaz egin dute topo. Ipar Amerikako ekialdera heldu zen giza-fluxua ere izan zen Bizkaiko Golkotik.

‘Oreina Urkian Kanata’k batzen du Euskaldunen eta Ipar Amerikako Lehenengo Nazioen arteko harreman hori, ezta?
Bai. Izotzaren ertzetik heldu ziren Ipar Amerikako ekialderaino. Han ez zegoen izotzik. Euskaldunen eta Amerikako Lehenengo Nazioen arteko harremanean sakontzeko aukera izan dugu. Iaz, DNA analisiak egiteko, bertako ia 400 lagin lortu genituen — Ingalaterran ari dira horretan—. Horiekin erakutsi gura da lurralde hartan euskal leinu genetikoa dagoela. Esan behar da baita ere, solutreako kultura dela bakarra euskal leinua haraino nola heldu zen argitzen duena. Kultura solutrear hori euskal babeslekuan baino ez zegoen, Bizkaiko Golkoan.  

Europako zaharrenak dira euskaldunak eta euskara?
Bai, luzaroan iraun dutenak dira, behintzat. Leinu genetikoa duten Europako bakarrak dira euskaldunak, eta, leinu horrek, gainera, bere kultura eta hizkuntza mantendu ditu. Irlandarrek, adibidez, %90 dute euskal leinua, baina, ez dute euskal kulturarik mantendu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!