Andoni Egaña: "Bertsolaritzaren sozializazioan garrantzitsua izan da Amuriza"

Anboto 2016ko eka. 10a, 13:00

Plazetako bat-bateko bertsogintzatik erretiroa hartu berri duen Xabier Amurizaren lanaren hiru alderdi hartuko dituzte ahotan ekainaren 16an, Zornotzako Zelaieta zentroan. Iritzi eragile gisa Amurizak izan duen paperaz jardungo da Edurne Brouard, eta hizkuntzalari gisa egindako lanaz Kepa Altonaga. ‘Amurizaren sorkuntza’ gaia emanda arituko da, berriz, Andoni Egaña.

Amurizaren sorkuntza: esparru zabala egokitu dizute Zornotzako mahai-ingururako.
Xabierrek sorkuntza eremu bat baino gehiago harrapatzen du, bai. Duela urte t’erdi inguru, Durangon berbaldi bat eman nuen Amurizaren bertsogintzaz eta literaturaz, eta hartan oinarrituko dut eguenekoa.

Zeintzuk izango dira zure hitzaldiaren ardatzak?
Bertsolaritzaz eta literaturaz arituko naiz, nagusiki. 1980ko txapelketa nagusira aurkeztu zenean Amurizak egin zuen ekarpena aipatuko dut nire berbaldian, gehienbat. Garai hartan, 19 urteko gaztea nintzen ni, eta liluratuta utzi ninduen bere bertsokerak. Saiatuko naiz analizatzen zertan zen berria Amurizak 80an proposatzen zuena: bere iruditeria, lexikoa, sintaxia... Amurizak berrikuntza formala eta fondokoa ekarri zuen. Bestetik, literaturan azken urteetan hartu dituen bideak ere izango ditut ahotan.

80ko txapelketa horretan Amurizak egin zuenak bultzatu zintuen zu bertsotara?
Horrela izan zen, zelanbait, bai. 18 urte neuzkan, konturatu nintzen futbolean txarra nintzela, eta 80ko hamarkadako txapelketa hura entzun nuenean, pentsatu nuen saiatu behar nuela halako zerbait egiten. Iraultza txiki bat izan zen nigan, bai, Xabierren eskutikoa. Bertsolaritzaren sozializazioan garrantzitsua izan da Xabier Amuriza, eta forma artistikoari dagokionez, oso aintzat hartzeko sortzailea dela uste dut.

Une inportanteetan, behar zen lekuan, berrikuntzaren aldeko apustua egiten egon da beti?
Erudizio handiko gizona da Amuriza, oso oinarri intelektual sendokoa. Baina, oinarri horretatik abiatuta, azken 40 urteetan planteatu diren bidegurutze inportanteetan, han egon da beti. Beti egiten du aukera bat, errazenaren kontrakoa beti. Atsegina egiten zait Amurizaren konplikazio hori. Dena erraz, dena funtzional izan behar duen garaiotan, Amurizaren bide artistikoak beti dira interesgarriak. Bide artistiko interesgarriak hartzen ditu, baina, aldi berean, bera izan da Zu ere bertsolari hiztegi errimatua idatzi eta bertso eskolen sorreran eragin duenetariko bat.

Eruditoa, baina gizarteagaz harreman estua duena.
Aukeratu dituen bide artistikoak, beharbada, izan daitezke konplikatuak, baina, aldi berean, herri xeheagaz lotura handia dauka, eta izan du beti.

Lau hamarkada baino gehiago eman ditu Euskal Herriko plazetan kantuan.
Bai, ogibide izan du plazakoa, eta bere lan intelektualetik herrira hurbiltzeko bidea ere bai. Asko disfrutatzen du Xabierrek jendartean. Plazetan beragaz izan ditudan esperientziek lagundu didate niri Amurizaren ezaugarri poliedriko horiek hobeto ulertzen.

Jendartean horrela gozatu arren, baina, erretiroa hartu du.
Bai, eta uste dut elegantzia handiz erretiratzen asmatu duela. Izan ere, ni ere ohartu naiz plazako ibilia nekagarria dela adin batetik aurrera: autoan hara eta hona ibiltzea... Edozelan ere, ez dut uste erabakia hartuta ere, Xabier kristalezko kutxa batean lan intelektuala egiten geratuko denik. Beste era batean, baina jendartean jarraituko du.

· EKAINAREN 16an
19:30ean, Zornotzako Zelaieta zentroan    
· Amurizaren gaiak eta garaiak berbaldia

· EKAINAREN 17an
22:30ean, Durangoko Plateruenean
· Emaidazue freskura kantaldia.

· EKAINAREN 19n
09:30ean, Berriztik irtenda
· Amurizaren bideak eta aireak erromesaldi artistikoa (autobusez)

· herri bazkaria Berrizen

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!