Zapatuan, Durangoko merkatu plazan talde argazkia atera zuten gurasoek, umeek, baserritarrek eta erakundeetako ordezkariek. Plataformakoek, ikasleen plateretako jakiak bertakoak, sasoikoak eta eskolako jantokian prestatutakoak izatea gura dute, eta martxoan eman zuten ekimenaren berri. Geroztik, atxikimenduak batzen dabiltza. Esaterako, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoena jaso zuten duela aste batzuk.
"Gure laguntza edukiko dute", esan du Urdaspal Alberdi baserritarrak. Bertako nekazaritzaren aldeko ekimen lez ere ikusten du, baina "gizarte osoarentzat onuragarri" izan daitekeela irizten dio. Gainera, ideia egi bihurtuko balitz, "bertako ekoizleen falta dagoela konturatuko ginateke", bere arabera (Izan ere, 2.000 ikasletik gora egoten dira egunero Durangaldeko jantokietan). Horregatik, atzetik bestelako beharrizan batzuk piztuko lituzkeelako ere, interesgarria ikusten du.
"Logikaz betetakoa"
EHNE sindikatuko Alazne Intxausperen iritziz, "oso garrantzitsua da gurasoek euren seme-alaben elikaduraz arduratzen hastea". Elikadura, hezkuntza sistemaren parte izan beharko litzatekeela dio, eta proiektu integral baten beharra dagoela; umeen heziketa edota sukaldeko langileen baldintzak ere kontuan hartu behar dira bere ustez, ez bakarrik ekologikoa jan ala ez. Guraso elkarteen erabakitzeko eskubidea defendatu du, eta eskariari erantzutea administrazioaren ardura dela nabarmendu du.
Roman Bengoa ENEEK-eko (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) kidea da, eta gurasoen eskaera, "logikaz betetako gauza bat" dela esan du. Horregatik, aurrera eraman beharrekoa dela ikusten du. "Bertako nekazaritzak edukiko lukeen gorakada" azpimarratu du.