"Bertsolari polemikoa izan nintzen; orain maitatua sentitzen naiz"

Anboto 2016ko mai. 6a, 09:21
Argazkia: Lehior Elorriaga

Bat-bateko bertsogintza utziko duela iragarri du, asteon, Xabier Amurizak. 51 urte eman ditu bertsotan. ANBOTOk eskatuta, Unai Iturriaga bertsolari eta lagunak erabaki horren eta bere ibilbidearen inguruan egin dizkion galderei erantzun die Amurizak.

Zergatik utzi kantatzeari?
Batetik, 75 urtegaz adinaren karga ere nabaria delako. Eta, epe bat ipintzekotan, hauxe jo dudalako egokitzat. Uste dut intelektualki oraindik urte onak eduki ditzakedala, eta horiek aprobetxatu gura ditut esklusiboki nire intereseko gauzetarako. Literatur sorkuntzan zentratu gura dut nire burua, eta ez dut beste ardurarik nahi. Nik bertsolaritzan egin nezakeena eginda dago.

Sei urtegaz, Autzaganeko tabernako barra gainetik kantatu zenuenean ohartu zinen bertsoen magiagaz?
Ez pentsa. Gero, makina bat berba egin dut, baina ume isil, beldurti eta bakartia nintzen, eta jendeak kantatzeko eskatzea sufrimendua zen niretzat. 11 urtegaz fraileetara eraman nindutenean, “han behintzat inork ez dit bertsorik eskatuko” izan zen nire kontsolamendu bakarra... Bertsoarekiko nire benetako lotura seminarioan gertatu zen, 16 urte nituela: errezoan genbiltzala plantak egin, eta bertsoak kantatzen ibiltzen ginen. Gero, 20 urtegaz, Abel Muniategigaz hasi zen nire benetako bertso eskola. Eta 50 urte baino gehiago eman ditut horretan.  

Muniategigaz, 1966. urtean, Gizaburuagan parte hartu zenuen lehenengoz saio batean?
Hori abade nintzela izan zen, bai. Baina, aurretik, ikasle nintzela ere egiten genituen saioak, Autzaganeko jaietan, Bedian, Etxanon... Txapelketa txikiak egiten genituen han inguruan.

Ez zen, baina, berezia izan Gizaburuagako saio hori?
Han abade nintzela, San Isidro egunean egin genuen saio hori. Oihartzun berezia izan zuen saio hark inguruetan: abade bat sotana eta guzti plazan kantuan agertzea lehenago sekula ikusi bako gauza zen. Inguruko herri askotako jaietan ibili ginen, domeketako meza ostean. Aldaretik saiora igarotzen ginen, eta, sarritan, batean eta bestean entzulego bera genuen.

Jendeak zelan hartu zuen abade bertsolaria?
Frankismo gordinean bizi ginen, eta abadea sotana eta guzti bertsotan ikusita marmarka ibili ziren asko, baina guk astindua eman gura genuen. Abadeen artean mugimendu nahiko indartsua zegoen, eta hartara batu ginen. Gogoan dut, geroago, neskak bertsotan hasi zirenean, sarritan gogoratzen nuela gure sasoi hura. Gazteei esaten nien lasai hartzeko, laster ohituko zela jendea. Abade bat bertsotan ikustea batzuek ez zuten erraz onartu, baina ekin genion, eta denboragaz lortu genuen jendearen onarpena.

Hiru zatitan, zazpi urte egin zenituen kartzelan. Abadetza uzteko erabakiagaz atera zinen kartzelatik, eta bertsolaritzari buru-belarri ekiteko gogoz.
1975eko abuztuan atera nintzen kartzelatik, eta handik urte batera hartu nuen abadetza uzteko erabakia. Kartzela barruan hiztegi errimatuak osatuta atera nintzen kalera, eta plazara salto egiteko erabakia hartuta. 1976ko udaberri hartan Gernikan kantatu nuen kartzelatik atera ostean, lehenengoz. Hain zuzen, saio horregaz dauka lotura nire bertsolari bizitzako gomutarik politenetako batek: han kantatu nuen agurra gogoratzen zuela esan zidan, orain urtebete inguru, bertsozale batek. Berak kantatuta berreskuratu nituen Gernikan botatakoak. Gernikako horren ostean, Euskal Herriko bazter guztietatik hasi zitzaizkidan deitzen.

Euskal Herriko txapela irabazi zenuen, 1980an. Txapelketaren inguruan, nire irudipena da, jendeak txapeldun imajinatu behar zaituela txapela irabazi ahal izateko. Zelan uste duzu ikusten zintuela jendeak?
Uste dut joanez gero irabazi egingo nuela pentsatzen zutela  askok, eta hori ez zela komeni ere bai. Kementsu eta gogotsu nengoen, eta joatea erabaki nuen; eta batuan kantatuko nuela. Txapelketagaz mugimendu handia sortuko zela banekien, eta hor egon gura nuen.

Euskara batua plazara eramateak batzuen erresistentzia ere eragin zuen, ezta?
Bai, liburuko bertsolaria nintzela esaten zidaten, mespretxuz. Baina, egia dena da, bertsotan hasi nintzenerako ezaguna nintzela, eta politikoki definizio bat nekarrela. Polemikoa nintzen: abadea, preso egondakoa... Nire ideia errebeldeekin bat egiten ez zuen sektore handi batek ez zuen txapela nik irabazterik nahi. Hizkuntzari, politikari eta gizarteari loturiko ideia berriak ekarri genituen, eta erresistentzia handiak egon ziren. Pentsatzen ez nuena izan zen, txapela irabazi eta gero ere borroka horretan jarraitu beharko nuela. Horrek apur bat desmoralizatu egin ninduen bere momentuan, euskaltzaleak eta bertsozaleak zirelako kontra genituenetariko asko, eta jende horren aurrean kantatu behar nuelako... Bestalde, txapela bizkaitar batek irabaztea ez zen bizkaitarren buruan ere sartzen.

Hizkuntzaren hautuari lotuta, sasoi hartan ukatu zitzaizun guztia da, geroztik, bertsogintzaren oinarria izan dena. Onespena berandu etorri zaizula sentitzen duzu?
Orain badirudi gauza ebidenteak direla, baina sasoi hartan eztabaida bizia izan zen. Jendea bertsolariak gipuzkeraz entzutera ohituta zegoen, eta gipuzkera entzun gura zuen. Baina nik erabakia hartu nuen: Bizkaian bizkaiera jasoan kantatuko nuen, eta hemendik kanpo batuan. Frogatu genuen bizkaierak errimarako aukera asko ematen dituela.

87an parte hartu zenuen txapelketan azkenengoz.
Bai, 1989an ere joateakoa nintzen Euskal Herriko txapelketara, baina eztarriko zorioneko arazoengatik ezin izan nuen parte hartu. Horren ostean, urtebeteko isilunea egin nuen.

Geldialdi horren ostean bueltatu zinenean, librean bakarrik arituko zinela esan zenuen, eta saio integralen aldeko apustua ere egin zenuen. Apustu horiek ondo atera ez izanaren sentsaziorik eduki duzu?
Ahotsa berreskuratu nuenean, Andikoako jaietan egin nuen lehenengo agerpena, Lopategigaz, eta harrera beroa egin zigun jendeak. 94-95 urtera arte jarraitu nuen. Baina hasia nintzen pentsatzen librean askoz gusturago nenbilela, eta ailegatu zen momentu bat librean bakarrik ibiltzeko erabakia hartu nuena. Bertso saio integralen proba batzuk egin genituen, bai, baina ez zuen ondo funtzionatu.

Zeintzuk izan dira zure bertso kiderik iraunkorrenak?
Abadetzan, Muniategi; gero, hainbat urtez, Lopategi eta Azpillaga; gero, Mañukortagaz ere ibili nintzen, eta Enbeitagaz... Belaunaldi berria etorri zenean, bertsolari gazteen kidetzat ipintzen ninduten sarritan, eta Sarasuagaz hainbat saio egin nuen. Gero, zuek ere etorri zineten... Laguntzaile edo tiratzaile moduan deitzen zidaten gazteekin saioak egiteko, eta oso pozgarria izan da hori niretzat.

Bertsolaritzaren bidaiaren lekukoa izan zara. Zer bide egin duela ikusten duzu?
Esango nuke lehen konpaktuagoa zela bertsolaritza. Orain, aniztasun itzela dago. Gure sasoian, bertsolaritza, edo gaiak ipinita, edo librean jardutea zen. Gaur egun, bertsolaritzari alde guztietatik tiratzen zaio: edonon kantatu dezakegunez, bertsolariak edozeri lagundu diezaioke. Batzuetan, bertsolaria eramana aurkitzen dela sumatzen dut.

Jubilatu zinenean, orain idaztea gura duzula esan zenuen. Bertsogintza ogibide moduan eta literatura arte moduan ikusten dituzula ulertu nuen... Bertsolaritza ez al da artea?
Artea da ahozko literatura, jakina, eta nire bizibidea izan da. Baina, bat-batekoaren kalitatea ezin da testuarekin alderatu. Bertso idatzietan, batzuetan, artea egin dudala sentitzen dut, Mendian gora, Hilkutxan ere kantari edo Anbotorekin trukean bertso sortetan, esaterako. Arte soil eta zuzenagoa da bat-batekoa, eta nik orain testua landu gura dut gehiago. Zelan mespretxatuko dut bertsolaritza nire bizitza izan bada?

Zer irudi daukazu Amuriza bertsolariarena?
Urteak joanda, nirekin tratu zuzena eduki dutenek maite nautela nabari dut, baina bertsolari oso polemikoa izan nintzen. Maitatua sentitzen naiz orain, eta poz itzela ematen dit horrek.

Zer daukazu orain eskuartean?
Maitzaren 19an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta liburutegian egingo dudan Zein ongi bizi zen Ulises entzukizuna prestatzen nabil, amaituta daukadan nobela baten sinopsia. Bilbokoaren ostean, saio hori leku gehiagotan eskaini ahal izatea da nire ilusioa. Gura nuke bertsozaleak eta beste jende bat ere ikusi ahal izatea berbaldi horietan entzule. Aro bat itxi, baina beste bat zabaldu nahi dut. 

Xabier Amurizaren inguruan elkartzeko hainbat hitzordu antolatu dituzte haren lagunek datozen asteetarako:

· Maiatzaren 19an, 19:00etan · Bilboko Bidebarrieta liburutegian, ‘Zein ongi bizi zen Ulises’ entzukizuna, Xabier Amurizaren eskutik.

· Ekainaren 16an, 19:00etan · Zornotzako Zelaieta zentroan, ‘Amurizaren gaiak eta garaiak’ berbaldia.

· Ekainaren 17an, 22:30ean · Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, ‘Emaidazue freskura’ kantaldia.

· Ekainaren 19an · Etxanotik Berrizera Erromesaldi artistikoa, eta 14:30ean, herri bazkaria, Berrizen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!