Asier Aspuruk eta Itsaso Praderak GRAVNI txapelketa irabazi dute

Anboto 2016ko mai. 5a, 13:11
Itsaso Pradera —goian ezkerrean— GRAVNIko txapelagaz

Itsaso Praderak eta Leire Etxanizek txapelketaren historiako lehenengo garaipena eman diote Bizkaiari paleta goman eta nagusietan.

Federazioen arteko GRAVNI txapelketa prestigiotsuko finalak jokatu zituzten joan zen asteburuan. Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba, Errioxa eta Ipar Euskal Herriko pilotariek hainbat final jokatu zituzten ezker horman zein trinketean. Batean zein bestean Nafarroak lortu ditu puntu gehien (122). Bizkaiak bigarren amaitu du ezker paretean (102) eta laugarren trinketean (54).

Bizkaiak, orotara, zortzi txapel irabazi ditu; sei ezker paretean eta bi trinketean. Ezker paretean Itsaso Pradera mallabitarra eta Leire Etxaniz etxebarriarra gomazko paletan txapeldun geratu ziren nagusien mailan. Nafarroako bikoteari 30-21 irabazi zioten, euren Labrit kuttunean. Gainera, Bizkaiak lehenengoz lortu du garaipena maila horretan. Orain arte, Nafarroara edo Gipuzkoara joan izan dira txapelak.

Trinketeko txapel bat Asier Aspuru abadiñarrak irabazi du. Senior mailan eta buruz buru, 40-33 nagusitu zitzaion Bengoetxea nafarrari Mendillorri trinketean jokatutako finalean.

Eskuz binaka eta nagusietan, Igor Azpiri eta Iñaki Larrinaga elorriarrek galdu egin zuten binakako finala Gipuzkoako Urbietaren eta Murgiondoren kontra: 16-22. Labriten jokatu zuten final hori.

 

Asier Aspuru —goian eskumatik bigarrena— GRAVNIko txapelagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!