Autoen karabana eginez, ezetz esango diote AP8ko bidesariari

Anboto 2016ko api. 29a, 12:45

AP8-Peajerik Ez plataformak Bizkaian bidesariak kentzeko mobilizazioekin jarraitzen du. Bihar, apirilaren 30ean, Durangaldean doakoa den autobideko zatia autoen karabana eginez zeharkatzeko hitzordua jarri dute.

 Arriandiko industrialdean batuko dira, 12:00etan, Iurretako ordainlekuan sartu eta Gerediagan irteteko. “Oraindik ez zara nekatu orain 13 urte amortizatutako autobidea ordaintzeaz?” lelopean, ekimenagaz bat egiteko kartela atera dute. Durangaldeak Bizkaiko bidesaririk bako beste errepide azkarren tratamendu bera izan behar duela uste dute plataformako kideek.

Pradalesen zain
AP8ko bidesarien kontra lanean diharduen plataformak otsailean batzartzeko eskaria bidali zion Ekonomia eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesi. Azpiegituren zuzendariagaz batzartzeko aukera eman zietela azaldu du Juan Carlos Poderoso plataformako kideak: “Guk Pradalesekin zuzenean berba egin gura dugu, eta batzarraren zain gaude”. Gaineratu duenez, “Pradales diputatua gure plataformarekin batzartzea saihesten dabil, arazo garrantzitsu hau zelan konpondu ez dakielako, edo ez duelako konpondu nahi. Ostrukaren antzera, Pradales jauna ezkutatu egiten da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!