Baigorri: "CTB eta Euskotren ardura bata bestearen gain uzten ari dira"

Anboto 2016ko api. 20a, 12:37
Joan zen ostiralean protesta bidaia egin zuten Berriztik Durangora.

Orland Isoird Berrizko alkatea eta Arantza Baigorri Zaldibarko alkatea Garraio Partzuergoarekin (CTB) batzartu dira gaur goizean, tren zerbitzuak ezarri duen tarifikazio sistemaren inguruan berba egiteko. Bilera eta gero Baigorrik azaldu duenez, gai honetan "CTB eta Euskotren ardura bata bestearen gain uzten ari dira". Bestalde, tarifa sistema berriaren aurka  Durangoko Udalak mozioa onartu zuen atzo. Idatzi horretan  Euskotreni tarifikazio berriaren errebisioa egitea eta Durangaldeko herriak zonalde berean elkartzea eskatu dute.

Berrizko eta Zaldibarko alkateekin izandako batzarrean partzuergoak zonalde banaketa orokorraren inguruko azterketa egingo duela aurreratu du. Hala ere, urte eta erdi inguru beharko dute ikerketa egiteko. Baigorrik dioenez, "denbora larregi" da tarifa hauek aldatu barik uzteko. Alkate biek Euskotrenekin batzartu gura dute orain. Partzuergoak azterketa egin artean aurreko tarifa sistema aplikatzeko eskatuko diote Euskotreni.

Berrizko eta Zaldibarko Udalek tarifikazio sistema berriaren inguruko kexa idatziz helarazi diote Euskotreni eta erantzuna  jaso dute. Baigorriren berbatan, Euskotrenek dio CTBren zonaldekako sistemara egokitu direla, eta zonaldeak aldatzea partzuegoari dagokiola. "CTB eta Euskotren ardura bata bestearen gain uzten ari dira".

 

Durangoko mozioa aurrera

Atzo Durangoko Udalak tren zerbitzuaren tarifikazio berriaren inguruko mozioa onartu zuen. EH Bilduren proposamena EAJk, Herriaren Eskubidea alderdiak eta PSE-EEk babestu zuten. PPk aurkako bozka eman zuen. Idatzi horretan, Durangoko Udaleko osoko bilkurak Euskotreni eskatzen dio tarifikazio sistemaren errebisioa egin dezala Berriz, Zaldibar, Durango eta Abadiño (Traña) tarifikazio zonalde berean berriro elkartzeko. Beraz Durangoko Udalak Garraio Partzuergoari eskatzen dio Durangaldeko eskualdeko herriak tarifikazio zonalde berean elkartzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!