EAJk ezetz bozkatuko du Amankomunazgoko aurrekontuetan

Anboto 2016ko api. 15a, 19:40
Aitor Lopez Amankomunazgoko presidentea eta Oskar Zarrabeitia gobernu aldaketa eman zen bilkuran.

Ezezko botorako hiru arrazoi nagusi eman dituzte. Aurrekontu zirriborroak “ez du jasotzen Berdintasun Zerbitzu propioa ezartzea, gizarte erakundeentzako diru-laguntzak ezabatzen ditu eta zerbitzuak erakundetik kanpora eramatea aurreikusten du”.

EAJk ezetz bozkatuko du Durangoko Mankomunitatean 2016ko aurrekontuak eztabaidatzeko urte bukaeran egingo den bilkuran. Alde batetik, aurrekontu zirriborroak “ez du eskualde mailako Berdintasun Zerbitzua ezartzea aurreikusten”, jakinarazi dute ohar batean: “Talde jeltzalearen apustu argia da eskualde mailako Berdintasun Plana egitea, EAEko Emakume eta Gizonen arteko VI. Berdintasun Planaren printzipio eta jarduera ildoetan oinarritutako jarduera egitasmoa egitera begira”.

Era berean, “zerbitzu publikoak erakundetik kanpo ateratzeko” erabakiaren kontra agertu dira: “EH Bildu hori egiten saiatu izan da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik eratorritako gestioen subkontratazioarekin”, gaineratu dute. Zentzu honetan, EAJk “erakundeko langileria trinkotzearen aldeko apustua egin zuen eta egiten du”

Agiriari ezetza emateko beste arrazoi bat Durangaldean egitasmo sozialak garatzea bermatzen duten elkarteei zuzendutako “dirulaguntza kendu izana” da. Oskar Zarrabeitiak, EAJk eskualde mailako erakundeko Ogasun batzordean duen ordezkariak, adierazi duenez, “orain arte diruz lagundutako erakundeek oinarria dute eskualdean, eskarmentua dute zalantzan jarri ezin diren egitasmo sozialen garapenean eta Mankomunitatearen aldetik egitasmoak garatzeko jaso duten babesa dute”. Vecinos Herria (3.000 euro), Gorabide elkartea, Atxarte egoitza egiteko 5.000 euroak edo Hamadako Izarrak (10.000 euro) jarri ditu adibide moduan.

Amaitzeko, EAJren ustez EH Bilduk “ez du eskualdeko turismo sektorea bultzatzen, Durangaldeko BTT egitasmoari bizkarra ematen dionean”. EAJk aurrekontuei begira egiten zuen proposamenetako bat “Mankomunitatean dagoen soberakina Durangaldeko BTTren egitasmoa osatzeko erabiltzea zen, Abadiñoko Tornosolo Trinketea egokitzearekin eta mendiko bizikletan ibiltzeko 15 ibilbideak seinaleztatzeko lanarekin batera”. Asmo horien bidez, besteak beste, “eskualdearen garapen turistikoari jarraipena emango litzaioke, lanpostu kualifikatuak sortzeko balioko duelarik, Durangaldera bisitariak erakarriz eta eskualdeko ondare historiko eta turistikoa eta paisaiaren balorea indartuz”. Baina “EH Bilduk entzungorrarena egin du”, kritikatu dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!