Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere, eskoletan bertako eta sasoiko produktuak jatearen alde

Anboto 2016ko api. 12a, 09:45

Durangaldeko hainbat guraso elkartek, eskoletako jatekoa bertan prestatua eta bertako eta sasoiko produktuekin izatea aldarrikatzeko dinamika ipini dute martxan, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ekimena babestu dute.

Joan zen astean Amalur izeneko ikuskizuna aurkeztu zuten pailazoek Elorrion, eta bertan hainbat guraso eta umegaz batu ziren. Dinamikaren aldeko bideo bat grabatuta erakutsi dute euren atxikimendua Katxiporretakoek.

Ez da bertako eta sasoiko elikaduraren alde agertzen diren lehen aldia. Aurretik, Ekolapikoa proiektua babestu zuten abesti bat eta bideoklip bat grabatuta, adibidez.

 

 

Berrizko Learreta Markina ere bai
Bestalde, Durangaldeko gurasoen dinamikak aurrera darrai. Azken egunetan, Berrizko Learreta Markina eskolako gurasoak batu dira dinamikara. Azaldu dutenez, gaiaren inguruko kezka lehenagotik zeukaten, eta Durangaldean horren aldeko ekimena sortu zela jakitean, parte hartzea erabaki zuten, guraso elkarteko asanbladan hala erabakita. 400 ikasle inguruk jaten dute egunero Berrizko eskola horretan.

Aurretik, Durangoko Landako eta Zabalarra, Abadiñoko eskola biak, Atxondokoa, Elorriokoa eta Iurretako Maiztegi eskolako gurasoak ibili dira aldarrikapenak kaleratzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!