Mallabiko eta Berrizko udalek BI-633 errepidean radarrak jartzea eskatuko diote aldundiari

Anboto 2016ko ots. 12a, 09:00
Trabakua gaina. (Argazkia: Lehior Elorriaga)

BI-633 errepidean gertatutako auto istripu larriek Berrizko eta Mallabiko udaletan kezka handia eragin dute. Ereñatik (Berriz) hasi eta Trabakuaraino (Mallabia) hainbat istripu larri gertatu dira 10 kilometroko tarte honetan. 2015ean 29 urteko gazte durangarra hil zen plantxak izenez ezagutzen den igoeran istripua izanda. 2016a beste gertaera tamalgarri batekin hasi da. Aitor Bugallo txirrindulari ohiak errepide horretan galdu zuen bizia, urtarrilean, lanera zihoala. Zorigaiztoko estatistika honen hurrengo istripua joan zen asteburuan bertan gertatu zen. Bi ibilgailuk istripua izan zuten Mallabian, Trabakuako gainean, eta zaurituetako bat helikopteroan eraman behar izan zuten ospitalera.

BI-633 errepidean, Berrizko zatian bakarrik, 2015ean 5 istripu izan ziren (hildako bat). 2014an, ostera, 12. errepide horretan, Berriz eta Ondarroa artean, estatistikak ondorengoak dira: 2015ean 60 istripu gertatu ziren, eta 2014an 85.

Indarrak batuz
Istripuak saihestu eta bidearen segurtasuna hobetu guran, Orlan Isoird Berrizko alkateak eta Igor Agirre Mallabiko alkateak eskaera zehatzak bideratu gura dituzte Bizkaiko Foru Aldundira. Indarrak uztartuz, abiadura murrizteko radarrak ezartzea eskatu gura diote aldundiari. Horrez gainera, Ertzaintzak abiadura kontrol gehiago egitea eskatzen dute. Orlan Isoird Berrizko alkateak azaldu duenez, BI-633 errepidearen inguruan aurreko legegintzaldian ere hainbat eskaera helarazi zituzten Bizkaiko Foru Aldundira. Lariz inguruko sarbidea hobetu, eta norabidea aldatzeko  obra egin zuen aldundiak. Horrez gainera, oinezkoentzako pasabideak eskatu zituen Besoitan, Andikonako buelta egiten duten oinezkoek hiru errail gurutzatzen dituztelako. Ereñan ere beste pasabide bat eraikitzea eskatu dute. Ingurumenaren aldetik, “onena” lurrazpikoak egitea izango litzatekeela dio Isoirdek.

Pasabide gehiago
Mallabiko Udalak eta Debegesak batzarra egin dute aldundiko ordezkariekin, Trabakuan oinezkoentzako pasabidea eskatzeko. Jon Larrea Herri Lanetako zuzendariagaz bildu dira pasabidea eskatzeko. Agirrek aurreratu duenez, Carlos Totorika Ermuako alkateak ere ekimenagaz bat egin du.

Urteak dira Trabakuko bizilagunek ere pasabidearen eraikuntza eskatzen dutela. Aldarrikapen horri bultzada eman guran, sinadura bilketa egin zuten, baina aldundiak ez zuen ontzat eman. “Arazoetatik bidegurutzearena baino ez zuten konpondu, animalien eta pertsonen pasabidea egin gabe baitago”, dio Valentin Mugarza pasabidea eraikitzea eskatzen duen plataformako kideak. 2011n pasabidearen eraikuntza aldarrikatzeko martxa antolatu zuten, eta trafikoa eten zuten une batez. Bestalde, ibilgailuen abiadura murrizteko radarrak jartzea begi onez ikusten dute auzunean: “Jendea motelago joateko irtenbidea izan daiteke. San Juanetik Trabakuara joateko hiru errail zeharkatzea oso arriskutsua da. Autobusa hartzeko ere bidea gurutzatu beharra dute”.

Animalien bidea
Mallabian, animalien pasabide naturala mozten du BI-633 errepideak. Horrela, azkonarrek, orkatzek eta beste hainbat animaliak bidea zeharkatzen dute errepidearen beste aldean dagoen errekara joateko. “Oizen behera bajatzen dira, eta errepidera irteten dira. Arazo horri irtenbideren bat eman behar diogu”, azaldu du Mallabiko alkateak.

Azken boladan egon diren istripuen zergatia jendearen abiadurari leporatzen dio Pedro Antxia kamioilari mallabiarrak. Goizaldean bereziki, jendea presaren presaz ibiltzen da Trabakua mendateko errepidetik, eta gidari askorentzat oso arriskutsua da bertatik ibiltzea.  Hori ekiditeko, abiadura motelduko luketen radarrak jartzearen aldekoa da: “Jendea azkar ibiltzen da errepidea bustita egon arren, eta horrez gain, egin behar ez dituzten aurreratzeak egiten dira”. Errepidea hobetu daitekeela dio Antxiak. Dena dela, errepidea hobetzeak “abiadura gustuko duten gidariak” ekarriko lituzkeela gaineratu du kamioilariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!