Zahartze aktiboaz: "Lehen gauzak derrigortuta egiten genituen; orain, guk aukeratzen dugu zer egin"

Anboto 2016ko ots. 5a, 09:00
Ezkerretik eskumara: Juan Angel Aiartzaguena, Jose Mari Macias, Sabine Villa, Jose Mari Zamakona, Edurne Agirre eta Anastasio Badiola. (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Soldatapeko lanegunak amaitutakoan, borondatezko lanera eta elkarteetako saltsara jotzen dute Durangaldeko hainbat nagusik. Jubilatu aurretik, aktiboak ziren, eta orain, aktibo jarraitzen dute. Bizipozez dabiltza batzarrik batzar, hitzaldietara joaten, irteerak egiten, antzerkia egiten... Inoiz ez delako berandu, eta orain dutelako astia; gauza berriak ikasi, eta lagun berriak egiteko sasoia da.

Nagusien elkarteetan dabiltzan sei lagunekin izan gara mahai baten bueltan: Edurne Agirre eta Jose Mari Macias Abadiñoko Zelaietako nagusien elkartean daude, Juan Angel Aiartzaguena Berrizkoan, eta Anastasio Badiola Iurretakoan. Eskualdeko Bizidun elkarteko kide dira, gainera, Sabine Villa, Aiartzaguena eta Macias. Jose Mari Zamakona durangarra Gora ta Gora antzerki taldeko fundatzaile eta kidea da.

Izaeraz, beti izan dira nahiko aktiboak. Edurne Agirrek aitak esaten zizkionak gogoratzen ditu: “Esaten zidan beti nenbilela soldata bako beharretan. Beti debaldeko beharrak egiten!” Orain ere badabil yogan, gimnasian, jubilatuen elkartean, koruan... “Lehengo egunean, 9 urteko lobak esan zidan: ‘Amama, zergatik sartzen zara hainbeste lekutan? Gugaz noiz egongo zara?’” Horretarako ere hartzen du astia. Jose Mari Maciasek argi dauka: “Egunak, agian, lehen baino beteago dauzkagu, baina desberdintasun batekin; lehen, derrigortuta egiten genituen gauzak, eta orain, guk aukeratzen dugu zer egin”.

Jubilatuen bi belaunaldi
Jende askok nagusien elkarteko tabernan, karta jokoan irudikatzen ditu jubilatuak. Hori baino gehiago dela diote erreportajeko protagonistek. Juan Angel Aiartzaguenari, esaterako, mendira joatea gustatu izan zaio beti, eta horrelako irteeren antolaketan ibiltzen da gustura. Berrizko elkartean ibiltzeaz gain, Bizidun elkartean ere badabil, eta han, barikuro egiten dituzte irteerak. Anatasio Badiolak horretarako osasuna behar dela nabarmendu du: “Bizidunen jende gaztea zaudete; gure elkartean, 85 urte dauzkagu batezbeste”. Iurretan, hala ere, egiten dituzte ekintzak, eta martxoan sagardotegira doaz, adibidez.

Bizidun Amankomunazgoko Esperientzia Institututik jaio zen elkartea da. Gaurko munduan bizitzeko gakoak izeneko ikastaroa amaitu eta gero, formaziorako gogoz geratu zen talde batek sortu zuen, duela lau urte. Gaur egun, 105 bazkide dira, eta hitzaldiak eta mendi ibilbideak antolatzen dituzte, astero. Watsapp-ean sei edo zazpi talde dituztela azaldu du Maciasek, arlo bakoitzeko talde bat.

Antzerkia gozamen
Jose Mari Zamakona nagusien Gora ta Gora antzerki taldeko sortzaileetako bat da, Anunciación Navasegaz batera. 1995ean estreinatu zuten lehen obra, eta antzerkikoa esperientzia itzela dela dio: “Asko gozatzen dugu, eta bururako oso ona da testuak buruz ikastea”. Taldean, hasieran idazten eta irakurtzen ez zekien jendea zegoela gogoratu du Zamakonak: “Hasieran, grabatuta ikasten zituzten testuak, eta gero, apurka-apurka ikasi dute irakurtzen”. Orain, obra berri bat prestatzen dabiltza. Zamakonak, gainera, abalorioekin bitxiak egiteko tailerrak ere ematen ditu. Abadiñon talde bat dauka, eta parkinsona duen pertsona batengana ere joaten da: “Pultsua kontrolatzen laguntzen dio”.

Lagunak egiten
Adin batetik aurrera, gauza berriak ikasi eta lagun berriak egin daitezkeela argi dute erreportajeko lagunek. Jose Mari Maciasen berbetan, “jende nagusiarentzat, funtsezkoak dira harreman sozialak; etxean geldituz gero, akabo”. Sabine Villarentzat Bizidun garrantzitsua izan da lagunak egiteko. Ingalaterran 40 urte bizi izan eta gero, 2009an bueltatu zen Elorriora Villa: “Nire koadrila sakabanatuta zegoen, eta senarrak eta biok ez geneukan lagunik. Orain, Bizidunekin lagun pilo bat egin dugu, eta asko gabiltza ikasten”.

Norbera antolatzaile
“Jendeak ikusi behar du jubilatu izatea ez dela kartetan egitea bakarrik”, esan du Juan Angel Aiartzaguenak. Edurne Agirrek Abadiñoko adibidea eman du: “Adin guztietako pertsonak gaude, oso interes desberdinekin”. Aurten, esaterako, zine zikloa eta informatika ikastaroa antolatu dituzte. Jose Mari Maciasen ustez, norbere interesetatik abiatuta ekintza asko egin ditzakete pertsona nagusiek: “Parte-hartzaile huts baino, antolatzaile izan gura dugu: ez dugu nahi gu eraman gaitzaten gauzak egitera, guk geuk egin gura ditugu gauzak”

Argiñe Larreategi - Durangoko adinekoen udal teknikaria

Aktiboak dira Durangaldeko nagusiak?
Nik, dudarik barik, baietz esango nuke. Durangoko Udaletik eskaintzen diren ikastaro, tailer eta ekintzetan adinekoen parte-hartzea ikaragarria da. Adibidez, zahartze aktiborako programako 18 ikastarotan  530 plaza atera ditugu, eta talde guztiak bete egin dira. Kontuan eduki behar da adinekoen elkarteek eta udaleko beste sail batzuek ere ekimenak antolatzen dituztela.

23 urte daramatzazu arlo honetan teknikari. Urteotan aldaketak egon direla sumatu duzu?
Bai, gaurko nagusiek eta aurreko hamarkadetakoek ez dute zerikusirik. Alde batetik, askoz gehiago dira, eta urte gehiago bizi dira. Lehen, 80-85 urtetik gorakoak ez ziren hainbeste, eta, nire ustez, hor dugu erronkarik handiena; nagusienen behar eta eskakizunak eta 65 urte dituztenenak ez datoz bat. Hau dela eta, programa berriak sortu ditugu, Nagusiak 8.0., besteak beste, eta herria ere adin talde honetara egokitu behar da; berauen zahartzaroa aktiboa izan dadin, herri lagungarri bat eratu behar dugu.
Beste alde batetik, orokorrean, gaurko nagusiek osasun, eta maila ekonomiko eta kultural hobea dute, eta beste begi batzuekin begiratzen diote zahartzaroari; ikasteko, bidaiatzeko eta zaletasunak lantzeko garaia da eurentzat.

Zer nolako garrantzia du nagusiek euren artean elkartzeak eta ekintzak antolatzeak?
Garrantzi itzela. Horrela, modu autonomoan elkarteetan antolatuta, eurentzat egokiak diren ekimenak antolatu ahal dituztelako. Protagonistak haiek izanik, gu erremintak emateko eta laguntzeko gaude.

Zer gaik pizten die interesa?
Gaurko nagusien aniztasuna itzela da, eta interes arloak, denak: formakuntza, partaidetza, osasunari dagozkion gaiak, ekonomia, teknologia berriak, solidaritatea, immigrazioa. Gizartean eta munduan gertatutako denak sortzen die interesa.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?
Jendeagaz egunero daukadan harremana eta nagusientzat zerbitzuak eta ikastaroak antolatzeko aukera. Pertsonen bizi-kalitatea hobetzen dela ikusteak poza ematen dit, eta nagusien bizi-esperientziagaz asko ikasten dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!