Durangaldeko taldeek urrezko sei domina irabazi dituzte Bizkaiko kros txapelketan

Anboto 2016ko urt. 18a, 14:15

Argazkia: Amaia Larruzea

Domina denak kontuan hartuta, 15 batu dituzte Durangaldea Running, DKT, Bidezabal, MugarraTT eta Zornotza A.T.-ren artean. Gizonen elite mailan Oier Ariznabarreta geratu da txapeldun, Dabid Garciaren aurretik.

Aurtengo kros denboraldian lehia estuak mantentzen ari dira Oier Ariznabarreta (Durango Kirol taldea) eta Dabid Garcia (Durangaldea Running) durangarrak. Zornotzako nazioarteko krosean Ariznabarretak irabazi zuen bien arteko borroka eta Berrizen ere gehiago izan zen. Lehenengo eta bigarren sailkatu ziren, hurrenez hurren; Lau segundo besterik ez bien artean. Lauko talde batek aurrera egin zuen hasiera-hasieratik: Durangoko atleta biekin batera, marokoar bi. Ariznabarretak erasoa jo zuen azken metroetan eta inork ezin izan zion erantzun. Hala ere, Garciak marokoar bien aurretik eta bere herrikidearengandik metro gutxira helmugaratzea lortu zuen. Bizkaiko txapelduna eta azpitxapelduna dira. Aurtengo kros denboraldian “espero baino hobeto” dabilela dio Ariznabarretak. Maiatzean Espainiako Duatloi Txapelketa jokatuko dute Avilesen (Asturia), horixe du urteko hitzordu nagusia, eta horri begirako prestakuntza egiten ari da.

Berrizko krosean parte hartu duten Durangaldeko bost taldeek domina uzta oparoa batu dute; jokoan izan diren 52 dominetatik 16 eskualdean geratu dira. Durangaldea Running izan da txapelketan parte hartu duten talde denen artean dominarik gehien batu dituena: sei, guztira. Txomin Marañonek eta Ander Hilerak urrezkoak jantzi dituzte 21 urtez azpikoan eta gazteetan. Azken maila honetan taldekako sailkapena ere irabazi dute. Garciaren zilarrak, June Arbeoren brontzeak eta juniorrek taldeka lortu duten zilarrak osatu dute Durangaldea Runningen erakustaldia.

Durangoko Bidezabalek lau domina irabazi ditu: Urrezko eta brontzezko bina. Gehienak juniorretan lortu dituzte: Garazi Lekunberrik urrea eta Ines Pinagak brontzea. Taldeka urrea irabazi dute.

Durango Kirol Taldea ere nabarmendu da urrezko domina birekin eta brontzezko batekin. Denak gizonen elite mailan eskuratu dituzte: Ariznabarretaren urreari, Ibon Sanmiguelen brontzea gehitu behar zaio. Taldeka urrea kolkoratu dute.

Mugarra Triatloi Taldeko korrikalariek duatloi eta triatloi denboraldirako prestakuntza moduan hartzen dituzte krosak, baina ez dira denborapasa joaten inondik inora Irene Loizatek promesen mailan lortu duen urreak erakusten duenez. Azkenik, Zornotza atletismo taldeak zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazi ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!