A-8ko bidesariaren auzia

Kalean ere A-8ko bidesariaren aurkako sinadurak batzen hasiko dira

Anboto 2016ko urt. 13a, 10:05

Plataforma eratzeko egin zuten batzarra, Durangoko merkatu plazan, duela aste bi.

A-8ko bidesarien aurka osatu den plataformak atzo egin zuen lehen batzarra Durangon, eta 40 lagun inguruk parte hartu zuten. Jende batek Internet bidez sinatu ezin izan duela-eta –nagusiek batez ere–, kalean ere mahaiak ipiniko dituzte hurrengo egunetan. Berrizko jaietan gertatuko da hori, adibidez.

Juan Carlos Poderosok, plataformaren bultzatzaileetako batek, "eztabaida aberatsa" eduki zutela azaldu du, eta bidesariak kentzeko apustuaren alde berretsi zirela. Autobideko bidesariena "diskriminazio bidegabea" dela dio Poderosok. "Durangaldean zerga bikoitza ordaintzen dugu". Horrela, bidesaria kendu eta autobidea zergen bidez finantzatzea eskatuko dute. Hurrengo asteetan Bizkaiko udal guztietan aurkeztuko duten mozioaren zirriborroa ere landu zuten batzarrean. EH Bildu eta Herriaren Eskubidea alderdien bidez aurkeztuko dituzte udaletan, eta helburua gaia Batzar Nagusietara ailegatzea da, araua aldatu ahal izateko.

Atzoko batzarrean beste herri batzuetako herritarrak ere egon ziren, Getxokoak edo Eibarrekoak esaterako. Gehienak, Durangaldera lanera etortzeko bidesaria ordaintzen dutenak. Eurak ere diskriminatuta sentitzen direla adierazi zuten, Poderosoren arabera. Martitzenero batzeko asmoa dute, eta hurrengo batzarrean, lan-taldeka jorratuko dituzte gaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!