Burdinak gurean izan duen garrantzia lantzen hasi dira Ondare Jardunaldietan

Anboto 2015ko urr. 5a, 16:30
Aurtengo Ondare Jardunaldietarako erabili duten irudia

Burdinaren lanketak garrantzia berezia izan duen herrian, Otxandion, hasi dituzte eskualdeko ekitaldiak, Vicinay Cembisa fabrika bisitatuz. Asteon, Zornotzan, Durangon eta Zaldibarren egingo dituzte ekimenak. Burdingintzaz, industria metal-mekanikoaz eta armagintzaz jardungo dute herriotan.

Bizkaiko hainbat herritan burdingintzagaz lotutako hainbat jarduera antolatu dituzte Ondare Jardunaldien barruan. Gurean, eguaztenean Zornotzan izango da Ondare Jardunaldien hurrengo hitzordua. Burdingintza Zornotzan izenburuagaz, hitzaldia eskainiko du José Angel Fernández Carvajalek. Zornotzako burdingintzaren bilakaera izango du berbagai; antzinako instalazioen aztarnetatik, azken galdetegiraino, Astepe auzoko 'La Purisima Concepción'. Berbaldia Zelaieta zentroan izango da, 19:00etan.

Durangon, eguenean, industria metal-mekanikoa izango dute berbagai IK4-Azterlan ikerketa zentroan. Industria mota horrek historian izan duen garapenaz eta garrantziaz jardungo dute, hitzaldian eta bisita gidatuan. 16:00etatik 18:30era izango da bisita, eta urriaren 22an errepikatu egingo dute.

Zaldibarren, azkenik, zapatuan armagintzaz gehiago ikasteko aukera egongo da. Inguruko hainbat herritan bezala, Zaldibarren armagintzak garrantzia izan du. Gaur egun eskulangile gutxik jarraitzen dute armagintzan, eta euretako bat da Avancargas Arsa Zaldibarko enpresa. Zapatuan, Igor Goñi Mendizabal ikertzaileak azalpen historikoa emango du liburutegi zaharrean, eta gero erakustaldia egingo du Avancargas Arsan. 12:00etan izango da hitzordua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!