Begirale ikastaroan izena emateko aukera egongo da iraileko lehen bi asteetan

Anboto 2015ko abu. 26a, 11:34

Durangaldeko Amankomunazgoak begirale ikastaroa antolatu du gazteentzat, umeei bideratutako euskarazko aisialdi ekintzetarako prestatzeko. Amankomunazgoko arduradunen ustez, aisialdia tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko, baina, horretarako, beharrezkoa da prestatzea: “Aisialdiko jardueretan euskararen erabilera bultzatzeko, garrantzitsua da begiraleek prestakuntza egokia izatea”. Ikastaroan parte hartu gura dutenek irailaren 1etik 18ra bitartean eman ahalko dute izena.

 

Begirale ikastaroa urrian hasiko da, eta maiatzera arte iraungo du. Hilean asteburu bitan elkartuko dira Behargintzaren egoitzan, eta Urtxintxa eskolaren eskutik jasoko dute ikasgaia. Alde teorikoa eta praktikoa garatuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren titulu ofiziala jasoko dute ikastaroa amaitzen duten gazteek. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da 2015. urtea amaitu orduko 18 urte eginda edukitzea.

Matrikula, doan
Amankomunazgoko euskara zerbitzua garatzen duten herrietako –Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar– gazteek doan izango dute matrikula.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!