Gazteentzako 'Jar zaitez martxan' proiektuak irailean jarraituko du

Anboto 2015ko uzt. 22a, 10:27

Durangaldeko herrietako gazteen kalitate eta itxaropen sozio-profesionalak hobetzea, eta, euren gizarte eta lan-gaitasunak eta enplegua lortzeko aukerak hobetzea du helburu Durangaldeko Amankomunazgoak sustatutako Jar zaitez martxan proiektuak. Irailean izango du jarraipena 16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako egitasmoa horrek.

Aurten ere, iaz legez, enplegu eskumeneko formazioa, lana aurkitzeko orientazioa, enpresa sortzeko edota diru-laguntzak lortzeko aukerak izango dituzte ardatz. Irailean hasiko den bigarren fase horretarako 187.630 euroko aurrekontua izango dute.

Durangaldeko Behargintzaren bitartez garatuko da Jar zaitez martxan proiektua, Gaztedi Bizkaia Planaren babesean. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutakoa da eta finantzaketaren %70ari egingo dio aurre. Gazteen premia nagusiekin lotuta hainbat jardura martxan jartzera dago bideratuta Gaztedo Bizkaia Plana. Modu intregralean egiten da hori, besteak beste, enplegua, prestakuntza edo emantzipazioa dira premia horietako batzuk. Horrela jakin eragin dute Durangaldeko Amankomunazgoko ordezkariek.

Abadiño, Amorebieta-Etxano, Berriz, Durango, Elorrio, ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Zaldibarren garatu zen 2014an esperientzia, 16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Bizkaiko Aldundiak zein parte hartutako udalek  modu "oso positiboan" baloratu zuten ekimena. Baita eskainitako zerbitzuetako erabiltzaileek ere. Hori dela erabaki dute egitasmoagaz jarraitzea, eta enpresak sendotzeko eta enpresei behar duten laguntza emateko ekimenak gehituko dituzte.

Enplegua lortzeko lan eskumeneko formazio zerbitzua, batetik, eta irailean hasiko den enpresa finkatzeko edo sortzeko behar den aholkularitza zerbitzua, bestetik, dira Durangaldeko Amankomunazgoak uztailean esleituko dituenak. Zerbitzu hauek Ermuan, Amorebieta-Etxanon eta Durangon eskainiko dira.

1.100 euroko laguntza

Jarduera ekonomiko berrietarako diru-laguntza deialdia egin dute dagoeneko; guztira, 1.100 euroko 25 laguntza bideratuko dira: Gizarte Segurantzako edo erakunde onuraduneko pertsona sustatzaileei dagokien mutualitateko kotizazioetako bakoitzagaitik emango dira laguntzak, beti ere, Jar zaitez martxan proiektuan parte hartzen duten herrietako baten erroldatutako gaztea bada. Erakunde onuradun bakoitzarentzat, gehienez, 3.300 euroko laguntza emango da. Laguntza eskatzeko azken eguna azaroaren 13a da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!