Ricardo Triviño: "Irabazten saiatzea izango da nire helburua"

Anboto 2015ko eka. 26a, 10:48

Aurtengo Bizkaiko Balkoia rallyko interesguneetako bat Ricardo Triviño mexikarraren jarduna izango da. Munduko Txapelketan ibilbide luzea izan du. Bere posturik onena Mexikoko rallyko hamargarren postua izan da. 2006tik 2008ra gidatu zuen Peugeot 206 WRC autoan ibiliko da, Jorge del Cid pilotua kopilotu lanetan izango duela.

Zergatik erabaki duzu Bizkaiko Balkoia rallyra etortzea?
Hainbat pilotu ezagun ditut hemen inguruan, eta nire arreba ere Portugaleten bizi da. Arreba bisitatu, eta rallyan parte hartzea pentsatu nuen.

Zu izan zinen antolatzaileekin hartu-emanetan ipini zena?
Egia esanda, hemen inguruan rally bat lehiatzeko gogoa neukan, eta, azkenean, lortu dut: Jorge del Cidi eskatu nion mesede hori. Denak oso atsegin portatu dira nigaz. Ni etorriz gero, oso pozik jarriko liratekeela esan zidaten.

Ibilbidea ezagutzen duzu?
Ez dut ia ezer ezagutzen. Ingurutik behin ibili naiz, ohar batzuk hartzeko. Tarte oso politak eta, aldi berean, konplikatuak iruditu zaizkit.

Irabaztea da helburua?
Pilotu oso arinak daudela esan didate, eta nik ere arin joan beharko dut, baina irabazten saiatzea izango da nire helburua. Pilak kargatu beharko ditut, eta dudan guztia eman beharko dut.

Jorge del Cid izango duzu kopilotu lanetan.
Lehenengoz ibiliko naiz beragaz. Esperientzia duela esan didate. Bierzoko (León, Espainia) lasterketan pilotu postuan ibili zen, eta han ikusi nuen: azkar ibili zen. Hemen ere maila berdinean ibiltzea espero dut.

Rally honen ostean zer?
Costa Ricara joango naiz Nacam txapelketako proba batera. Ondoren, Espainiako Asturiako printzea proban parte hartuko dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!