Egun osoko festa antolatuko du Gerediagak ekainaren 7an, 50. urteurrena ospatzeko

Anboto 2015ko mai. 20a, 16:23

Astola auzoan (Abadiño) dagoen auzitegi-etxearen aurrean egingo dira ekitaldiak eta, bazkideez gain, parte hartu nahi duen ororentzat egongo da zabalik festa.

Gerediaga elkarteak 50.urteurrena du aurten, eta hori ospatzeko festa bat antolatu dute ekainaren 7an, estatutuak sinatu ziren egun berean.

Elkarteak dituen hiru helburu nagusiak aintzat hartuta (zaindu, ikertu eta zabaldu), hainbat ekintza izango dira goizean: alde batetik, goizeko 10:00etan Photowalk izeneko ekitaldia izango da, Durangaldeko mota guztietako argazkilariak batzeko aukera emango duena. Hauek, ondareari argazkiak ateratzea izango dute helburu. Gerediaga elkarteak ondareari buruzko informazioa luzatuko die parte hartzea nahi duten guztiei. Horretarako gerediaga@gerediaga.eus helbidean izena eman behar da, maiatzaren 31 baino lehen. Durangoko Andra Mari elizpean emango zaio hasiera ibilbideari eta amaiera Astola auzitegi etxean izango da.

Ordu erdi beranduago, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat tailerra egongo da 10:30etan. Honen bitartez, ustezko aztarnategi bat arakatzeko aukera izango dute haurrek. Hau, esan bezala, Astola auzitegi etxe aurrean izango da.

Bestalde, ordu berean Gerediaga elkartearekin harreman estua izan duten sei profesionalek (Iñaki Goiogana, Iñaki Irigoien, Dona Gil, Armando Llamosas, Alberto Santana eta Jose Luis Lizundia) hitzaldi bat eskainiko dute. Gaur egun Durangaldean lehentasuna zerk duen azaltzen saiatuko da hizlarietako bakoitza, bost minutuko tartean. Astola auzitegi etxeko batzar gelan izango da.

Azkenik, eguerdiko 13:00etan, 50 urte hauetan elkarteko zuzendaritzako kide izan direnek eskerrona jasoko dute, L´Atelier dantza eskolaren eta Durangoko Orfeoiaren partetik. Ondoren, herri bazkaria egingo da auzitegi etxearen ondoan ipiniko den karpan. 20 euro ordaindu beharko dira (12 urtetik beherakoek 8 euro) eta izena emateko gerediaga@gerediaga.eus helbidean edota 94 681 80 66 telefonoan eman daiteke izena, maiatzaren 31 baino lehen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!