Hainbat saltzailek pertsona nagusiei iruzur egin dietela salatu dute herritar batzuek

Anboto 2015ko api. 15a, 10:00
Askatasun etorbidean dago kontsumitzaileen bulegoa, Amankomunazgoak eskainitako zerbitzua.

Hasieran opari bat zirudiena, dirutza balio izan duen erosketa bihurtu zaie. Alba cultural siglo XXI enpresako saltzaileek pertsona nagusiei iruzur egin dietela salatu dute herritar batzuek kontsumitzaileen bulegoan.

Aitziber Fernandez Madariaga da salaketa jarri duenetako bat, eta 84 urteko amari gertatutakoa kontatu du. Saltzaileak etxera joan zitzaizkion, eta esan zioten burko bat oparituko ziotela, bidalketa gastuak ordaintzearen truke. Baina, gero, koltxoi baten promozioa zeukatela-eta, hori zatika erosteko proposamena egin zioten. Kontratua sinatu zuen, eta, konturatu orduko, 2.000 eurotik gorako erosketa egina zuen. Amaren etxera joatean, larritu egin zen Fernandez: “Koltxoia, burkoa, aspiragailua... Amak behar ez dituen hainbat gauza zeuden; nahastu egin zuten saltzaileek”. Fernandezen arabera, San Faustoko abadearen lagunak zirela esan zioten amari, engainatu guran.

Enpresara deika hasi ziren orduan, erosketa baliogabetu nahian. Baina Fernandezek dio “presioak” jasan zituztela telefonoaren beste aldetik. Orduan, kontsumitzaileen bulegora joatea erabaki zuten. Erositakoa bueltatzeko epearen barruan zeuden, eta, erreklamazioa eginda, arazoa konpondu egin zen.

Kontsumitzaileen bulegoa Durangoko Askatasun etorbidean dago, eta Amankomunazgoak eskaintzen du zerbitzua. Bertako teknikari batek azaldu du otsailean eta martxoan lau pertsona joan direla Alba cultural siglo XXI enpresagaz arazoaren bat eduki dutelako, eta kasu guztietan konpontzea lortu dutela. Baina badakite lau kasu baino gehiago izan direla. Gainera, horrelako kexak sarri jasotzen dituztela esan du. “Jende nagusiak ez du diru kopurua neurtzen. Ez dakite 4.000 euro zenbat den”. Horrelako kontraturik ez sinatzeko eta saltzaileek antolatzen dituzten batzarretara ez joateko aholkua eman du.

Alba cultural siglo XXI enpresaz ez du adierazpenik egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!