Domekan auto ilara egingo du Sarek sakabanaketaren kontra

Anboto 2015ko api. 14a, 09:55

Herririk herri ekitaldiak eta mobilizazioak antolatu dituzte, eta hilaren 19an Durangaldea auto ilara batek zeharkatuko du. Otxandion hasiko da ilara hori, goizeko 11:00etan. Gero, 12:30 aldera, Durangon kalejira bat egingo dute, eta, amaitzean, ekitaldi bat ere bai, 13:30ean.


Duela urtebete jaio zen Sare, euskal presoei ezartzen zaien sakabanaketa politikaren amaiera eskatzeko eta preso zein iheslarien giza eskubideak errespetatzeko exijitzeko. Geroztik zabaltzen joan da sare herritar hori, eta asteburukoa beste pausu bat izango da.

Gaur egungo egoeraren irakurketa egin du Sarek mobilizazioetara deitzeko oharrean. Espainiako eta Frantziako gobernuek sakabanaketa mantentzeko duten jarreraren aurrean, Sarek adierazi du ez duela ulertzen “konponbidea elikatu beharrean oztopo eta trabak jartzea”.

Akordioak lortzeko beharra nabarmendu du: “Sakabanaketaren arazoa alderdien eta erakundeen arteko konfrontazio agendatik atera, eta akordioen agendan lehentasuna izatera pasa dadila nahi dugu”.
Sakabanaketaren amaiera lortzeko, herritarrak aktibatu gura ditu Sarek. Horregatik, sakabanaketa ezagutarazteko 500.000 liburuxka banatzen dabiltza sarekideak mundu osoan zehar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!