Euskal Herriko kantu txapelketan parte hartzera deitu dituzte Durangaldeko ume eta gazteak

Anboto 2015ko mar. 27a, 12:49
2013ko txapelketan saria jaso zuten Abadiñoko kantariek.

Euskal Herriko haur kantari txapelketan parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek Durangaldeko ume eta gazteak. Kantatzeko zaletasuna duten sei eta hamabost urte artekoei luzatu diete gonbidapena, izena eman dezaten.

Telefonoz (94 674 32 62 edo 630 476 820 zenbakietan) edo posta elektronikoz (igonebeloki@gmail.com helbidean) eman daiteke izena. Izena emateko, honako datuak helaraztea eskatzen dute antolatzaileek: taldearen izena eta taldekideen datuak, helbidea, telefonoa, eta kantuei eta parte hartu gura duten sailari buruzko informazioa.

Maiatzean egingo dituzte Euskal Herriko txapelketako lurraldeko kanporaketak. Bizkaiaren kasuan, Getxon, Gernikan eta Durangon izango dira kanporaketa saio horiek. Plateruena kafe antzokiak hartuko du, maiatzaren 24an, Bizkaiko azken kanporaketa. Epaimahaiak erabakiko du kanporaketa horietatik zeintzuk talde, bikote eta bakarlari sailkatuko diren ekainaren 6an Zallako Zinema Antzokian egingo duten finalera. Enkanterrietan erabakiko da, beraz, nortzuk izango diren Euskal Herriko finalean Bizkaia ordezkatuko duten abeslariak. Bilboko BBK aretoan jokatuko dute, ekainaren 13an, 17:00etatik aurrera, Euskal Herriko haur kantari txapelketaren finala.

Adinaren arabera, bi taldetan lehiatuko dira abeslariak; seitik hamaika urte artekoak batetik, eta hamabi eta hamabost urte bitartekoak, bestetik. Kantu ezagunekin, zein euren sorkuntzekin ere parte hartzen dute kantariek, a capella zein intrumentazioaren laguntzarekin.

Hogeita hamar urteko tradizioko txapelketa da ahotan darabilguna, eta bertan parte hartu eta irabazitakoak dira, esaterako, Andeka Gorrotxategi abadiñoko tenorea, edota Amaren Alabak eta Kalakan talde ezagunak ere. Euskal kantugintzaren aberastasuna ezagutzera ematea da txapelketaren helburu nagusienetakoa.   

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!