Zapatuan, Andra Mariko elizpean egingo dute urtemuga oroitzeko ekitaldi nagusia. Fernando Urainen eta Eleder Iturrietaren zuzendaritzapean, ehun partaide ariko dira 13:00etan hasiko den kontzertu horretan: txistulariek, Durangoko Orfeoiko abeslariek, metalek, dultzaineroek, albokariek eta pandero-jotzaileek ipiniko dute musika. Gainera, dantzariek ere hartuko dute emanaldian parte.
Hamaika kantuko errepertorioa eskainiko dute biharko emanaldian: besteak beste, Durangoko alkate soinua, Dantzari-dantza, Martxa baten lehen notak, Bizkaia maite, Herri maite eta Kaixo Durango kantak eskainiko dituzte. Bestalde, hontzertu horretan Amaia Aroma txistulari durangarra omenduko dute. Euskal Herriko emakume txistulari aitzindaria izatea eskertu gura diote durangarrari.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaia amaitzeko, Xabier Etxeitak eta Miriam Uriak Durangaldeko erregelak dantzatuko dituzte Karmelo Barruetabeña txistulariaren doinuekin, elizpean bertan.
Bihar, barikua, 19:00etan hasiko dituzte asteburuko ekitaldiak, kalejira bategaz, eta Arozena anaiek Arozenatarren Ttunttuna txistu, perkusio eta gitarra kontzertua eskainiko dute, 20:00etan, Kurutzesantu Museoan.