Mitsubishiari 90 kilo kenduta, txapelketa irabaztea helburu Tarsiciok eta Peñak

Anboto 2015ko mar. 10a, 09:00

Aurtengoa denboraldi berezia da Iban Tarsiciorentzat eta Iñigo Peñarentzat. Hamar urte dira pilotu abadiñarra eta kopilotu atxondorra elkarrekin lehiatzen hasi zirenetik. Urtemuga txapel banagaz ospatu gura dute, eta Rallysprint Txapelketa irabaztea izango dute helburu, inoiz baino hobeto prestatutako Mitsubishi EVO IX autoagaz.


Iazko autoa dezente hobetu dute. Alde batetik, 90 kilo kendu dizkiote: “Ate guztiak fibrazkoak ipini dizkiogu, eta kristalak plastikozkoak. Pisu hori kentzea oso inportantea da autoaren errendimendua hobetzeko”. Horretaz gainera, motor eta elektronika berria dituzte.

Momentuz, hirugarren tokian hasi dute denboraldia. Postu horretan amaitu zuten joan zen asteburuan, Gabirian (Gipuzkoa), Rallysprint Txapelketako lehenengo lasterketan.

Hirumet Sport taldea
Tarsiciok, Peñak eta Eneko Goiriena pilotu durangarrak talde bat sortu dute aurtengo denboraldiari aurre egiteko: Hirumet Sport taldea. Indarrak batu, eta elkarri laguntzeko helburua du taldeak.

Hiru auto dituzte: Mitsubishiaren bolantean Tarsicio ibiliko da. Rallysprint Txapelketan ez ezik, Iparraldeko Kopan eta mendi igoeren txapelketan parte hartuko du. Eneko Goirienak ere txapelketa horietan parte hartzeko asmoa du, baina BMW M3 baten bolantean. Aurten, Iñigo Peña ez da kopilotu bakarrik ibiliko; Ford Escort bategaz mendi igoeretan pilotu ere ibiliko da.

Mendi igoeretan ere goian ibiltzeko helburua du Tarsiciok. Modalitate horretan, are prestakuntza hobea izango du autoak; turboari brida kendu ahal izateko elektronika ahalbidetu diote autoari, eta horrek beste 100 zalditan gehituko du Mitsubishiaren potentzia.

Eneko Goiriena

Gazteenak txinpartak atera gura dizkio BMW M3ari

Eneko Goirienak 23 urte ditu, eta durangarra da. Auto lasterketak betidanik gustatu izan zaizkio, eta Iban Tarsiciok  garajean gordeta zuen BMW autoak ireki zion atea: “Behin Tarsiciok erdi brometan esan zidan: ‘Prestatu autoa eta lehiatu zuk’. Horrela hasi zen nire abentura hau”, gogoratu du Goirienak.

Hiru urte hauetan BMWa izan du bidelagun. Aurten arte 190 zaldiko potentzia zuen, baina aurten 320 zaldiko indarra duen bat prestatu du. Beraz, 130 zaldi gehiago kontrolatu beharko ditu errepidean.

Rallysprint Txapelketan, mendi igoeretan eta, “kotxea osorik dagoen bitartean, ahal den lehia guztietan” parte hartuko du. Rallysprintean, “lehenengo eta behin ondo pasatzea eta gozatzea” du helburu. Hori bai, “bizkor joateko eta aurrean sartzeko ahalegina” egingo du. “Ahal bada, erasoak jotzen eta lehiakideen aurretik geratzen saiatuko naiz”. Lehiakide askok baino esperientzia gutxiago izanagatik, ez zaio ausardiarik falta.
Hirumet Sport taldeagaz ilusionatuta dago: “Errepidean inor baino aurrerago amaitzea da inportanteena, baina, bestela, laguntasuna dago lehiaren gainetik”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!