Fabrika abandonatuak: zelan berpiztu espazio hilak?

Anboto 2015ko urt. 30a, 09:15

Urteak atzera bizirik zeuden enpresen hezurdurak dira. Gehienak enpresek porrot egin ostean geratu ziren horrela, hondamen egoeran. Eraberritzeko edo botatzeko inbertsio barik, urtetan kaltetzen eta jausten joan dira eraikinak, eta herritarrentzako traba edo arrisku bihurtu dira sarritan. Gainera, herrirako espazio izan ahal diren lurrak erabilera barik geratu dira. Baina zelan berpiztu espazio hil horiek? Jabe pribatuak dituzte, beraz, zenbateko erantzukizuna daukate udalek?


Paisaiaren parte
Hainbat herritako paisaiaren parte bihurtu dira, eta Durangoko Tabira auzoan dagoen Fundifes enpresarena da arazoaren kasu argienetako bat. 2008an zarratu zuten, eta ugazabek, beharginei kalte-ordainak eman beharrean, lurra utzi zuten euren esku. 16.000 metro karratuko lur horren birkalifikazioa eskatu zioten langileek udalari, hiru arrazoirengatik: kalte ordainik barik geratu zirelako, herritarren intereseko zerbait egin behar zela uste zutelako, eta hondakinek ingurumena kaltetu zezaketelako. Baina udalak ez zuen ideia babestu.  Aparte, eraikina okupatu zuen lagun talde batek gerora, eta indarkeria matxista kasu bi jazo ziren: 2011n andre bat hil zuten, eta 2012an sexu erasoa egin zuten.

Durangon bertan, herriaren erdigunean, Zugaza zinemaren atzealdeko partzela ere urtetan dago abandonatuta.

Bestetik, Berrizen 60ko hamarkadan eraikitako Cárnicas Felipe Amezua hiltegia erkidegoan haragi gehien saltzen zuen enpresetako bat zela azaldu zuten sindikatuek, eta 2006ra arte irabazi handiak eduki ei zituen. Baina, beharginak kobratu barik eta lan barik egon ostean, itxi egin zuten 2007an. Elorrion 2011n itxi zuten 160 behargin zeuzkan Ductilor-Fytasa galdategia. Zorrak zirela-eta, Konkurtso Legean sartu zen enpresa 2009an, eta 2011n likidatu zuten.

Udalaren tresnak
Durango eta Berrizko udaletan galdetuta, ezer gutxi egin dezaketela diote, jabego pribatukoak direlako. Baina ez da iritzi berekoa Hodei Zenikaonandia, Urak Bide taldeko eta Zaldibarko udal arkitektoa. “Lurzoru Legearen bigarren puntuak dio hirigintza funtzio publikoa dela. Udalak ikusten badu beharrizana dagoela eta bideragarria dela, hori konpontzeko tresnak baditu”. Horregatik, hondamen egoeran dagoen espazio hori antolatzeko eta kudeatzeko plan bat behar dela uste du Zenikaonandiak. Lurjabeei dagokienez, ondareak, eskubideaz gain, betebeharrak ematen dituela gogoratu du. Ondorioz, bere arabera, udalek presioa egin beharko lukete hondamen egoeran dauden eraikinei buelta emateko. Hori bai, orain gutxi arte hirigintza “kostu soziala konatuan hartu barik” eta etxeen prezio altuan oinarritu dela kritikatu du. “Lurjabeak ezin du pentsatu metro karratuagaz ez dakit zenbat lortuko duela. Gaur egun dagoena ordaintzen da”.

Interes publikoari begiratuta,  Zenikaonandiak dio desjabetzearen aukera ere badagoela, baina “dagoena ordainduta”. “AHTaren tankerako proiektuetarako bakarrik erabiltzen den aukera da”. Iurretan txapa-lantegi zaharra desjabetu zuen udalak, 2008an, parke bat egiteko.

“Sasoi interesgarria”
“Sasoi interesgarria” bizi dugula azaldu du arkitektoak, hiri lurzorua berrantolatzeko ordua ei delako: “Jendeak dio ea zertarako egingo den Plan Orokor berri bat Durangon, kalifikatzeko lurrik ez badago. Hori akatsa da. Plan Orokor bat behar du, eraikitako hiria antolatzeko”. Zenikaonandiak adierazi du azken urteetan herritarren interesen alde hirigintza berrantolatzeko ekintzak ugaritu direla. Durangon bertan, trafikoaren berrantolaketa ipini du adibide, baita Otxandion errepidea herrigunetik atera izana ere. Urak Bidekoek Zeberioko eta Abadiñoko Plan Orokor berriak gidatu dituzte, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!