Iraia Garciak laugarren bider irabazi du Bizkaiko kros txapelketa

Anboto 2015ko urt. 20a, 09:18
Iraia Garcia erdian, irabazlearen dominarekin.

Berrizen Bizkaiko kros txapelketa jokatu zuten domekan. Iraia Garcia zornotzarra izan zen lehen bizkaitarra. Durango Kirol Taldeak taldekako sailkapena irabazi zuen gizonetan.

Berrizko kros proba Hassan Oubaddi-k irabazi zuen gizonetan eta Majida Maayouf-ek emakumeetan. Biak marokoarrak dira. Proba horietan Bizkaiko txapelketa zegoen jokoan eta  emakumeetan Iraia Garciak (Atletismo Santutxu) irabazi zuen. Aurtengoagaz Bizkaiko lau txapel ditu zornotzarrak. Gurutze Frades iurretarra zazpigarren tokian geratu zen sailkapen orokorrean.

Promesen mailan —elitekoekin batera aritu ziren— lan bikaina osatu zuen Irene Loizatek (MugarraTT) eta bere izan zen aurrenekoa maila horretan. Sailkapen orokorrean 16. helmugaratu zen.

Gizonen elite mailan Aingeru Gutierrez-Cabello barakaldoztarrak jantzi zuen Bizkaiko txapela. David Garcia durangarra laugarren tokian sailkatu zen eta Bizkaiko bigarren korrikalaria izan zen. Oier Ariznabarretak (Durango Kirol Taldea, DKT) zazpigarren amaitzea lortu zuen eta bere taldekide Julen Ozaetak bederatzigarren.

Emakumeen gazte mailan Durangaldeko taldeetako korrikalariak jaun eta jabe izan ziren. June Arbeo iurretarra (Durango Kirol taldea) izan zen irabazlea eta aurten ere Euskadiko kros selekzioan sartzeko hautagai sendoa dela erakutsi zuen. Podioan Bidezabaleko Nerea Costa (bigarren) eta Olaia Lekunberri (hirugarren) izan zituen ondoan. Horiez gainera, Naroa Martinez (Bidezabal) laugarren sailkatu zen, Ines Pinaga (Bidezabal) zazpigarren, Araitz Villa (Durango Kirol Taldea) bederatzigarren eta Aitana Merino (Bidezabal) hamargarren. Bidezabalek taldekako sailkapena irabazi zuen. Maila berean eta gizonetan, Alejandro Bilbao (Bidezabal) eta Ander Hilera (Durangaldea Running) laugarren eta bosgarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Emakumeen junior mailan, beste erakustaldi bat eskaini zuten Durangaldeko taldeetan dabiltzan korrikalariek: Garazi Lekunberri izan zen irabazlea (Bidezabal) eta bere taldekide Jone Ramirez podiora igo zen hirugarren sailkatuta. Aurreneko hamarren artean sailkatu ziren Eider Gorritxategi (DKT), Nerea Anasagasti (Bidezabal), Nerea Aranburu (Bidezabal), Izaro Telleria (DKT) eta Nora Narbaiza (DKT). Bidezabal Garbi nagusitu zen taldekako sailkapenean eta DKT geratu zen bigarren. Maila berean eta gizonetan Erik Esparta (Deportivo Zornotza) podioaren atarian geratu zen, laugarren. Hamar onenen artean sailkatu ziren Unai Arbulu (MugarraTT) eta Gorka Lagardera (Bidezabal) ere, zortzigarren eta bederatzigarren.

Mutilen kadeteetan bigarren tokian sailkatu zen Mikel Bizente Hurtado (Bidezabal), laugarren Paul Bereziartua (MugarraTT) eta bosgarren Jokin Totorika (Deportivo Zornotza). Nesken kadete mailan Bidezabalek korrikalari bi sartu zituen aurreneko hamarren artean: Ainhoa Crespo zortzigarren eta Iraia Bengoetxea hamargarren. Taldekako sailkapenean bigarren geratu zen BASBI-Artunduagaren atzetik.

Durango Kirol Taldearen garaipena

Gizonetan Durango Kirol Taldeak taldekako sailkapena irabazi zuen: Oier Ariznabarreta, Aitor Astorkia, Julen Ozaeta, Gotzon Solaegi, Ibon San Miguel, Ander Okamikak eta Javier Fontanedak osatu zuten taldea. Hurrengo hitzordu nagusia Euskadiko txapelketa izango dute, otsailaren erdian jokatuko dena.

 

 June Arbeo onena izan zen gazte mailan:

Durango Kirol Taldeak taldekako sailkapena irabazi zuen gizonen elite mailan:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!