Bizkaibusi ongietorri epela egin diote Izurtzan eta Mañarian

Anboto 2014ko abe. 12a, 09:38
Izurtzako autobus geltokia

Urtetako eskaeren ostean, astelehen honetan helduko da Bizkaibus Izurtzara eta Mañarira. Zerbitzu hori barik zeuden Bizkaiko herri bakarrak ziren, eta, Aldundiak egindako linea moldaketei esker, Bizkaibus zerbitzua erabili ahalko dute izurtzarrek eta mañariarrek. Bilbo-Durango linearen luzapen bat izango da; beraz, Durangogaz eta Bilbogaz lotura zuzena edukiko dute. Egunean hiru zerbitzu bakarrik eskainiko ditu: Mañaritik 06:40an, 07:40an eta 14:40an irtengo da autobusa, eta Bilbotik 15:30ean, 18:30ean eta 19:30ean. Horregatik, Bizkaibusi ongietorri epela egin diote Izurtzan eta Mañarian.

Aldundiak prentsaren bidez eman du aldaketen berri, baina albiste hau idazterakoan, Aldundiaren informazio ofizialik jaso barik egon dira alkateak.

Luis Ballarin Izurtzako alkateak kritikatu du aspaldi egon behar zela zerbitzua martxan: “Penagarria da hainbeste urtean autobusa hona ez etorri izana”. Autobusaren maiztasuna aztertu, eta hobetzen saiatuko direla esan du. Endika Jaio Mañariko alkatearen ustez, albiste pozgarria izan da, baina mesfidati agertu da zerbitzuagaz: “Garraio zerbitzu duin bat ipintzera badatoz, ongietorriak, baina, bestela, partxe bat da”.

Asteburuetan autobusik ez egotea ez du ondo ikusten Jaiok, adibidez. Gainera, Durangotik Gasteizerako linea kontuan hartuz gero ere, herritarren beharrak ez direla asetzen uste du. Bere ustez, Bizkaiko eta Arabako aldundiek ados ipini beharko lukete gaia koordinatzeko. Gasteizerako autobusaren gaia Euskadiko Garraioaren Agintaritzan landu zuten joan zen barikuan, baina oraindik ez dute erabaki zehatzik hartu. Jaiok salatu du Mañariko Udalak batzarrean egotea eskatu zuela, eta ez zuela erantzunik jaso.

Elorriotik ospitalera
Elorriarrak Bizkaibusen zerbitzuaren aldaketen onuradun izango dira. Izan ere, astelehenetik aurrera Galdakaoko ospitalera zuzenean joateko aukera edukiko dute. Elorrio-Durango linea, Durangotik ospitaleraino –Zornotzatik eta Lemoatik pasatuta– doanagaz batuko dute. Beraz, elorriarrek ez dute autobusez aldatu eta itxaron beharko ospitalera joateko. Astegunetan emango dute zerbitzua, eta Elorriotik 06:45etik 20:45era bitartean orduro irtengo da autobusa.

Garain ere izango da aldaketa bat, Aldundiaren arabera. Durango-Garai linea, autobusak barik, taxi batek egingo du; udalak, baina, ez dauka informazio zehatzik oraindik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!