Amuriza eta 'Abarkas'. Bizkaiko txapelketaren lehen finalaurrekoan

Anboto 2014ko aza. 20a, 09:22

Zapatuan, 17:30etik aurrera jokatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo finalaurrekoa. Lea-Artibaiko Etxebarriko pilotalekuan izango da saioa. Finalaurrekoan kantatuko dute Durangaldeko bertsolari bik: Eneko Abasolo Abarkas iurretarrak eta Miren Amuriza berriztarrak. Bi horiekin saioko seikotea osatuko dute Ander Elortegik, Fredi Paiak, Iratxe Ibarrak eta Joseba Artzak.


2012. urteko txapelketan finalista izateagatik, zuzenean sailkatu dira finalaurrekoetarako Paia, Ibarra eta Amuriza. Beraz, zapatuan hasiko da hiru bertsolari horientzat 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.
Abarkas, aldiz, Mungiako kanporaketa saioa irabazita sailkatu da finalaurrekorako, eta kanporaketan batutako puntuazioari esker lortu dute finalaurrekoetarako pasea Elortegik eta Artzak.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurtengo bost kanporaketa saioetan entzule kopurua “gora eta gora” joan dela azpimarratu du Bertsozale Elkarteak, eta giroa ere saioz saio joan dela berotzen. Talde antolatzaileak azpimarratu duenez, Mallabiko saioan batu da bertsozale gehien: laurehundik gora. Orain artekoak ikusita, finalaurrekoetan zein abenduaren 20ko finalean ere gorakada espero dute antolazaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!