Merkatu plazan baserritarren postu finkoa ipiniko dute

Anboto 2014ko aza. 6a, 12:25
Ezkerretik eskumara, Oarbeaskoa, Zarrabeitia eta Guerrero; euren aurrean, postuaren maketa.

Baserritarrek euren produktuak egunero saltzeko aukera edukiko dute Gabonetatik aurrera. Dendak Bai elkarteak, Amankomunazgoak emandako 15.000 eurogaz, postu finko bat ipiniko du merkatu plazaren aurrean. Horrela, Durangaldeko baserrietako produktuak salerosteko gune izango da. Baserritarrek han utziko dituzte ekoizpenak, bakoitza bere prezioagaz. Gero, Dendak Baik kontratatutako pertsona batek salduko ditu produktuok. Irizpide sozialak hartuko dituzte aintzat kontrataziorako, eta Zornotzako Lanbide Heziketako praktikari baten laguntza edukiko du.


Dendak Bai elkartea Merkatu plaza gestionatzeko udal mahaian dago, eta zapatuetako merkatuari bultzada emateko erabaki dute ekimena martxan ipintzea. “Zergatik ez egunero?”. Hori da Guillermo Oarbeaskoa merkatarien ordezkariak plazaratu duen galdera. Astelehenetik barikura, ordutegi komertzialean zabalduko dute postua. Merkatuan egoten diren 45 baserritarrek zein salmentarako lizentzia daukan beste edozeinek saldu ahalko dituzte produktuak. Oarbeaskoaren berbetan, postua baserri itxurakoa izango da, egurrez egina, eta ezpata dantzarien banderen koloreak edukiko ditu.

Oarbeaskoaren esanetan, eskualdeko produkzioa ezagutaraztea da beste helburu bat. Gainera, merkatariek baserritarren produktuak erosteko ohitura hartzeko lagungarri izan ahal dela uste du Dendak Bai elkarteko Araceli Guerrero teknikariak.

Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak azaldu du Dendak Bai elkarteagaz hirugarren urtez egin dutela laguntza hitzarmena, eta aurten Merkatuko ekimena babestu dutela. Postua erosteko inbertsioa egin dute. “Lehen sektorearen aldeko apustua da”, esan du ekimenari erreferentzia eginda. Akordioak hamar urterako erabilera baimena ematen dio Merkatu plazako postu finkoari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!